Erredakzio-Mahaia

Beldurraren jaurtigaia

18.07.2021 | 00:15
Beldurraren jaurtigaia

Jakinaren gainean –baina maltzurkeriarik gabe, esango nuke– ehunka gazte bildu izan dira asteburuetan, goizaldeko ordu bietatik aurrera, Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Ospatu diren makrobotilioi horiekin lotzen dira azken asteetan jazo diren kutsadura asko. Bada, lehengoan, herriko punturik agerikoenean, akelarre an-tzera ospatzen ari zen jaialdi bat lekukotu nuen arratsaldez. Adin ezberdinetako pertsonak, batukada batekin girotuta, dantzan ziharduten, maskararik eta distantzarik gabe. Bizitza Plataformaren partaide hauek –osasunaren eta askatasunaren alde lemarekin aurkezten dute bere burua– 42 herri bisitatuko dituzte hiru astetan zehar, koronabirusaren kontrako haien teoria negazionistak barreiatzeko asmoz. Pandemiak eragindako hildakoak larregi ez direlakoan, administrazioak agindutako murrizketen eta txertaketa prozesuaren kontra ageri dira biztanleriari beldurra sartuz inposatu dizkioten neurriak direla argudiatuz. Sinesgaitza badirudi ere, Internetek edozeini bere ideiak argitaratzeko parada ematen dionez, webgune propioa dute bere hipotesi alternatiboen berri emateko. Besteak beste, txertaketak emakumeengan abortu tasa handitzen duela diote. Baita ikerketa baten arabera Pfizer injekzioak gazteen %80ari albo ondoriok sortzen dizkiola. Hori ez bada beldurra inokulatzeko saiakera bat etor dadila Tartalo ikustera. Zerbaitetan, behintzat, ados nago haiekin: ez dira gazteak kriminalizatu behar. Arduragabekeriak ez dauka adinik.

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia