Erredakzio-Mahaia

Lehen inpresioak

11.07.2021 | 00:26
Lehen inpresioak

sargori dagoen egun horietako batean, eguzkitakoaren azpian zaude, itsasoak zeruarekin topo egiten duen lerro urrunari begira. Garagardo bati zurrutada luzea eman ondoren hondartzako otzaratik liburu bat atera duzu. Azkenean, heldu da hilabeteak itxoiten zeramatzan unea. Izan ere, mesanotxean dozenaka liburu zokoratuta eta pilatuta gelditu dira azken urtean: Gabonetan maitasun keinulez oparitu zizuten eleberria zein lankideak martxoan mailegatu zizun ustezko saiakera zoragarria. Hala ere, lehengoan guzti horiei aurre hartu zien liburu-dendaren apalategitik zure izena hots egiten zuen obrak. Laudorioez betetako kontrazalak aukerarekin damutzeko modurik ez dagoela promes egiten du. Baina hamabost orrialde kostata pasa ostean, zure gustokoa izango ez dela ondorioztatu duzu. Azkarregi, agian. Edo ez. Zerbaitegatik izango da. Bi jarrera har zenitzake orduan. 1) Aukera zure gain hartu, liburua azken orrira arte irakurriz, zure lehen zirrara baieztatuz eta balizko biktima bati tormetua aurreztuz. 2) Edo kontzientziako pisurik gabe ekarpenik egingo ez dizun irakurketa bertan behera utzi, azken finean zure aurreikuspenak bete lezaketen beste milaka liburu daude zure zain. Lehen bidea hartuz gero bada beste aukera bat: idazlanak iradokitako lehen inpresioa okerra dela deskubritzea. Baina jakina da intuizioaren naturaz gaindiko indarra, liburuak aukeratzeko zein pertsonak atzemateko. Fida zaitez zure buruaz, sargoriak ez dezala zure irizpidea kiskali.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia