Erredakzio-Mahaia

Saihestu zitekeen?

20.06.2021 | 01:05
Saihestu zitekeen?

Funtzionarioek txirrina jo zutenean atea zabaldu zien normaltasun osoz. Gizonak une batez zain egoteko eskatu, eta, orduan, beste gela batetik, eraikineko patiora bota zen, bere buruaz beste eginez bakerik ematen ez zion zorigaitzarekin atoan bukatzeko. Bartzelonako Sants auzoan gertatu da aste honetan, etxegabetze-agindu bat burutu behar zenean. Langabezian geratu eta prestazio guztiak agortu ostean, alokairua ordaintzeko sosik gabe geratu zen iaz 58 urteko biktima. Orduan, pisuaren ugazabak sei hilabeteko epea eman zion, eta, urtarrilera arte itxaron zuen salaketa jartzeko. Magistratuak etxegabetzerako ezarritako lehen data atzeratzeaz gain, ofiziozko abokatu bat ezarri eta gizarte zerbitzuetara desbideratu zuen. Azken hauek, halaber, bere zaurgarritasuna azaleratzen zuen informea igorri zuten epaitegira, baina, epaileak atzera bota zuen kaleratzea eteteko legeak ezartzen dituen behar besteko baldintzak betetzen ez zituelakoan. Gertakariaren kontakizunak Zuzenbide edo Gizarte Laneko Fakultatean planteatu daitekeen buruketa dirudi, honakoa ebazteko: ezbeharra saihestu zitekeen baldin eta indarrean dagoen legeriaren esku dauden tresna guztiak aplikatu izan balira? Baina bada mahaigaineratu daitekeen beste galdera bat: zer pentsatu beharko lukete gertakizunaz irakurtzean 2008ko krisiaz geroztik jazotako etxegabetzeen uholdea sutsuki kritikatu ondoren egun boterean dagoen alderdi morea bozkatu zutenek ezer gutxi aldatu dela ikustean?

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia