Espainiak arazo bat du, korapilatsua, lurraldetasunaren auzia, hain zuzen... eta ez du inolaz ere onartu nahi, horrek erkidegoekin, bereziki, historikoekin, bestela jokatzea lekarkeelako.

Sasoi batean, nazionalitate historikoez hitz egiten zen. Ondoren, aitortza moduko hori lausotzeko erkidegoez osaturiko estatua asmatu zen, funtsean, irizpide erkideak aurrera ateratzeko orduan, administrazio zentralaren deszentralizazioa zekarrena, ez besterik. Horrela, ikusmira horren atzealdean dagoena da Estatuko egiturek hartzen dituztela erabakiak eta neurriak, horiek aurrera eramateko erantzukizuna erkidegoen esku lagaz. Ikuspegi hori izan da Gernikako estatutuaren garapena galgatzea edota, herritarrek berretsi ondoren, Kataluniako estatutua Konstituzio Auzitegira eraman eta desitxuratzea lortu duena! Esanak esan, Estatuaren jarduna izan da Estatuaren eta nazionalitate historikoen arteko sasoi bateko ituna ezerezean lagatzearen erantzulea!

Estatuak behin eta berriz aldarrikatu du lurraldetasun kontuari buruz egungo egoera berrikusi ahal izateko, Estatuak berak ezarririk dauzkan heldulekuak erabiltzea ezinbestekoa dela... baina planteamendu hori amarru bat da, ez da simetrikoa, erkidego historikoetako herritarren borondatearen gainetik, gainerako guztiena gainjartzen delako, ate oro itxiz. Hortaz, edonork pentsa dezake alde bakarreko bideei eustea beste heldulekurik ez dela geratzen. Irudipena dut horrek ere ez duela irtenbidea hurbiltzen eta bai, aldiz, gatazka eta pitzadurak nonahi sorrarazten.

Denbora kontua baino ez da. Espainiak irtenbidea eman beharko dio uneren batean, gogoz kontra, mendetan odolez eta saminez iraunarazitako batasunaren kontuari... Eta horrek marra gorririk gabeko elkarrizketa eta adostasuna eskatzen ditu, prozesuan parte hartu ahal izateko kartzelan sartutako herritarren ordezkari politikoak libre lagaz. Zigorrak ezartzea gehiegikeria izan zen. Betoz, hortaz, indultuak, kartzelan egon beharko ez luketenei emanak, ez baitute inor hil, ez eta torturatu ere, Estatuaren barruki sakonenetatik, beste batzuen isiltasuna eta konplizitatea tartean zutela, egin zuten ez bezala.