SAN ote daiteke oraindik esan gabeko zerbait covid-19 pandemiari buruz? Seguru ez dela erraza izango. Baina guztiz beharrezkoa da, era berean, bizi dugun egoerari buruz mintzatzen jarraitzea eta etorkizunari aurrez aurre begiratzea.

1.- Gaur egungo gizarte egoera. Urte gogorra pasatzen ari gara, delikatua eta zaila. Pandemiaren gorakada orokortuak eta horrek osasunean, ekonomian, bizitza pertsonalean eta sozialean, eta abarretan dituen ondorioek larritasun sozial ezezagun bat sortu dute, eta gure bizimodua baldintzatzen ari dira. Zer da hau, patuaren txantxa bat edo fikziozko politika bat?

Une historiko hau oso luzea egiten ari zaigu. Pandemia hasi eta urtebetera, neka-neka eginda sentitzen gara. Batzuetan, itxaropenik gabe; izan ere, gaitz hau ez baita osasun-krisi bat soilik; aldiz, bizitzaren beste hainbat alderdiri ere eragiten die.

Bistan geratzen ari zaigu mota guztietako pandemien esperientziak landu eta aztertuko dituzten pertsonak beharko ditugula. Pandemia honek, izan ere, aintzat hartu beharreko faktore asko ekarri ditu itsatsirik: osasuna, ingurumena, hezkuntza, elkarrekiko errespetua, bizitzeko modua, etab. Koronabirusak begien aurrean jarri digu pertsonaren hauskortasunaren eta zaurgarritasunaren froga: ez gara buruaskiak, besteren mendekoak eta mugatuak baizik. Gure hauskortasuna gainditzeko borroka honetan ez lukete garaile irten behar indartsuenak, diru gehien dutenak, supremazistak, baizik eta elkarrekiko babesa eta elkartasuna bultzatzen dutenak. Bi kolektibo hartu nahi ditugu bereziki gogoan, nahi gabeko bakardadean bizi diren adinekoak, eta etorkizunari mesfidantzaz begiratzen dioten gazteak.

2.- Bakarrik dauden pertsonak eta gazteenganako hurbiltasuna. Pertsona guztiok gaude egoera honen eraginpean, baina, une honetan, bereziki ahulak iruditzen zaizkigun bi kolektibotara zuzendu nahi genuke arreta: bakardadea bizi eta sufritzen dutenengana, eta gazteengana.

Garrantzi handikoa da bizitzan seguru sentitzea: haren faltak beldurra sortzen du guregan. Esaten eta egiten den guztia segurua ez bada ere, besteenganako eta erakundeekiko konfiantza da kezka horren aurkako antidotorik onena. Horrek ez du esan nahi, jakina, "txeke zuri bat" eman behar zaienik. Baina aipatutako konfiantza horrek sortzen du itxaropena bizitza pertsonalean eta sozialean, eta sekula baino itxaropen premia handiagoan gaude gaur egun.

Bakarrik bizi diren pertsonak, batez ere adinean aurrera doazenak, aintzakotzat hartu eta artatu beharra dago, alferrik daudela senti ez dezaten, traba egiten duten eta non jarri ez dakigun traste zaharrak balira bezala. Ahal den neurrian, ona litzateke beren etxeetan edo familiakoekin bizitzen jarraitzea; bestela, gizarte-zerbitzuetako zentroetan eta erkidego-antolakuntzan bilatu beharko da laguntza, persona horiek hurbiltasun eta konfiantza handiagoa senti dezaten.

Gazteei dagokienez, zintzoki hurbildu beharra dago pil-pilean duten arazo existentzialera, lanaren eta afektibitatearen arloetan bizi dituzten problematiketara, oso sektore plurala dela jakinik.

Gazteriari egiten zaizkion erreferentzia guztietan ez lirateke gizalegearen aurkako portaerak soilik nabarmendu behar. Gutxiengoa dira, zarata handia egiten badute ere. Gehienek beren lekua aurkitu nahi dute gizartean, pertsona gisa, bikotean eta gizarteko kide gisa duten proiektua aurrera eramateko.

Boluntariotzako eta gizarte-konpromisoko elkarteetan gazte askok izena ematea kontuan hartzekoa eta balioestekoa da.

3.- Indartu dezagun gizarte-itxaropena. Egoera pertsonal eta sozial larriak bizitzen ari gara, baina datu itxaropentsuak ere badaude. Txertaketa-prozesuak erritmo ona hartu du, nahiz eta txerto batzuen horniduran gorabeherak egon, eta zenbait zalantza sortu berorien eraginkortasunari buruz.

Gorabehera horiek guztiak txertaketa-kanpainaren eta prebentzio-neurrien inguruan bizi dugun egoerari lotuta badaude ere, gero eta agerikoagoak dira ondorio positiboak. Hala ere, lanean jarraitu beharra dago talde-immunitate desiratu horretara heldu arte.

Ahalik eta denbora laburrenean, osasun-txertoa ez ezik, gizarte-txertoa ere beharko dugu gogor astintzen gaituen beste pandemia bati aurre egiteko: bakardadea, axolagabekeria eta itxaropenik eza.

Bestearengan laguna eta behar dugun laguntza aurkitzea diruz ordain ezin daitekeen oparia da. Beste batzuekin bizi gara, gizartean, eta horrek besteak artatzea eskatzen du. Elkarri laguntzea betebehar gisa hartu behar da, ezinbesteko eskakizun etikoa baitugu. Etikak beti egon behar du tartean bestearekiko harremanean. Bestela, hitz hutsa da. Elkarren mendekoak gara. Mendeko jaiotzen gara eta mendeko bihurtzen gara berriro.

Gizarteak, oro har, diseinatu eta gauzatu behar ditu, Estatuak lagunduta eta eskaera soziosanitarioen arabera, arreta integraleko ereduak, baina ezin diogu eskatu bakardadean eta maitasunik gabe bizi direnei konpainia egiteko. Begirunez eta maitasunez zaintzea pertsonen barruaren, gutako bakoitzaren kontzientzia moralaren eta bizipen erlijiosoen baitako zerbait da.

Gazteei dagokienez, etorkizuna ahalbidetu behar zaie. Baina inoiz ez dena eginda emanda, beren erantzukizuna egikaritzea ukatuko bailitzaieke horrela.

Etikerretik, printzipio teorikoetan oinarritutako etikatik urrats bat harago joanez, bertuteen etika aldarrikatzen dugu, elkarri laguntzea, konpromiso zehatzak hartzea.

* Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxemari Muñoa, Etikeren partaide