AGENEKIEN kapitalismoa eta lotsa ez direla bat datozen hitzak, eta ez bakarrik eremu semantiko desberdinetakoak direlako.

Kapitalismoa eta etekinak, aldiz, bai direla eremu berekoak eta bai bat datozela. 2008ko krisi garaian, ez-erreskate hartan, 13.005 miloi euro jaso zituen BBVAk. Orain langileen %16a kaleratu nahi du pandemia garaian sektorearen aldaketa eta etekinak %63 gutxitu zaizkielako. BBVAko buruei jasotako lagun-tzak gogorarazi dizkie Lan Ministroak, garai hauek ez direla langileak kaleratzeko argudiatuz. Eta bankuak negoziazioaren bandera haizatu badu ere, badakigu nola bukatuko den kontua: batzuk aurre-erretiratu egingo dituzte, denok pagatuko dugu, beraz; beste batzuk kaleratu; eta gutxiengoa, bertan birkokatu.

Petronorrek, ildo beretik, ERE bat egin nahi du bere Muskizeko lantegian. Petronor da, gogora dezagun, Europatik etorriko diren Next Generation funtsen jasotzaile nagusienetako bat hidrogeno berdearen ikerketa eta ekoizpena bultzatzeko. (Oraindik ez dakit hidrogeno berdearen ikerketa eta ekoizpena martingala ote den ala, benetan, datorkigun energia-krisiari aurre egiteko neurria.)

Galdera hauxe da: zilegi da enpresa batek, dena delakoa, krisi garaietan funts publikoak jasotzea etekina aitzakia hartuta langileak kaleratzen dituen bitartean? Nire ustez ez. Dei nazazue inuxente baina iruditzen zait krisi garaietan lotsa apur bat erakutsi beharko luketela diru publikoa jasotzen duten enpresek; izan ere, haiek aldarrikatzen duten estrategia eta filosofiaren kontra dago merkatuak erregulatzen ez duenaz kanpo sistema ekonomikoan eragitea. Eta diru publikoa jasotzea eragin ederra da.

Milaka aldiz gertatu dira horrelakoak, ordea. Etekinak enpresarenak dira; galerak, jarri hemen nahi den aitzakia, publiko bihurtu behar dira,bestela okerragoa izango bailitzateke.

Espainiako Gobernuak, Nafarroako Gobernuak zein Eusko Jaurlaritzak funts publiko horiek gizarteari "itzultzeko" baldintzak jarriko dizkiete enpresa horiei? Ez dut uste, zeharkako ekonomiaren bidez itzuliko direla argudiatuko dute arduradun ekonomikoek. Alegia, enpresa handiek etekinak pribatu eta galerak publiko egiten jarraituko dutela adierazi nahi du horrek. Esan bezala, lotsa, beste eremu semantiko bateko hitza da.