ADAKIT Mario Draghi marrazoa dela, hala behar du Goldman Sachen lan egiteko, baina EBZn aritu zenetik sinpatikoa egiten zait, dirua, nahi adina sor daitekeela eta sortuko zuela adierazi zuelako, hitzez bigarrena, egitez lehena.

Italian badaramatzate teknokraten bigarren gobernu aldia, Montirena izan zen lehenengoa. Teknokraten gobernuei zilegitasuna kentzen zaie baina demokraziaren egoera kaxkarra eta politikoen ibilbidea aztertuta, haien partiduetan aurrera egitea dute meritu ia bakartzat gehienek, teknokraten alde zera esan daiteke: gutxienez, beren arloan zerbait badakite.

Draghi 40 biloiko estimuluak prestatzen ari da enpresen artean banatzeko, lanpostu berriak sortzea helburu. Ez dakit estimuluen aurrekontuetan ala beste batzuetan sartuko dituen gobernuak Italiak, Euskal Herriak bezala, bestalde, duen jaiotze-tasa baxuari aurre egiteko seme-alaba bakoitzeko familiei jaio eta 21 urte arte emango dien 250 euroko dirulaguntza, baina legea onartua dago honezkero.

2018 elkartu zituen Eusko Jaurlaritzak PwC kontsultoriaren eskutik hemengo enpresariak ekonomiaren egoera eta erronkak aztertzeko, eta emaitzak biltzen zituen txostenean (Temas candentes de la economia vasca: la vision de los empresarios) ekonomiaren oztopo nagusitzat jotzen zuten jaiotze-tasa baxua; “800 euroko soldatarekin gazteek ez dute gurasoen etxetik alde egin nahi (sic)” dio txostenak hitzez hitz. (Errua gatazka sindikalari botatzen diote, baina hori beste kontu bat da).

Europako funtsak gora eta behera gabiltzan honetan entzun duzue zuek Draghiren proposamena bezalakorik hemen? Galdera, jakina, erretorikoa da. Gobernuan dagoen partiduaren zorioneko kudeaketa agerian gelditzen ari da: beti egiten du enpresarien alde eta ez du etorkizunerako largabistarik. Enpresariei gero eta etekin margina txikiagoak gelditzen zaizkiela kexatzen zen Tapia txostenaren aurkezpenean irtenbidetzat kanpoko talentua erakartzea proposatuta. Zer egingo ote dute 800 euroko soldatekin seme-alabarik izan “nahi” ez duten guraso gai gazte horiekin guztiekin? Galdera hau ere, jakina, erretorikoa da.