HE Daily Telegraph izan zen 1994an edizio digitala atera zuen lehen egunkaria europarra. Ameslari gutxi ba-tzuek soilik irudikatu zezaketen etorkizuna aurreikusteko gaitasuna izan zuten orduan. Beti besteak baino pauso bat aurrerago doazela erakusteagatik-edo, zuzendaritza taldeak gutun kezkagarri bat helarazi dio plantillari. Horretan, kazetarien soldatak euren artikuluek sarean lortzen duten arrakastaren baldintzapean -erakartzen dituzten harpidetzak eta irakurleak- jartzeko aukera mahaigaineratu dute. Logikoa denez, erredakzio britaniarrean matxinadarako prest agertu dira. Izan ere, kalitatezko kazetaritzaren bukaera suposa lezake clickbait delakoari men eginez idazteak: hau da, elementu morbosoen amua egiaren gainetik nagusitzea albisteetan. Edonola ere, gurean nola egikarituko litzatekeen imajinatzea ezin izan dut ekidin. Lehiakortasun basatia zenbait gaiei buruz idazteko; hala nola, pandemiak eragiten dituen murrizketak edo ostalaritzan xahutzeko bonoak. Eskupekoak webgunea kudeatzen dutenei testuak toki ikusgarrienetan jar ditzatzen. Eta euskaraz idaztea? A! Ez, edonola ere ez, publiko objektiboari mugak jartzea norbere burua pobreziara kondenatzea baita. Proposamen distopikoa errealitate bihur-tzetik gertu ote dagoen jakiteko modurik egon ez arren, uste dut oraindik garaiz nagoela Athleticen informazioan espezializatzeko eta etxekoak konbentzitzeko, click eta clik egin dezaten nire sinadura daraman edozein tontakeriari.

aaraluzea@deia.eus