IPUTATUEN Kongresuak, aurrez lau saiakeratan huts egin eta gero, herri-ordezkarien hirutatik biren aldeko botoarekin onartu du oraingoan eutanasiari eta suizidio lagunduari buruzko lege organikoa. Biztanleriaren eta klase politikoaren sektore batek giza eskubide bat egikaritzea errazteko tresna gisa eta “aurrerapen sozialaren eta zibilizazioaren abangoardian kokatzearen seinaletzat” hartu du, pertsona batek bere heriotzaren aurrean jasaten duen sufrimendua modu humanitarioan arindu ahal izateko; beste sektore batek, berriz, hori ere garrantzitsua kuantitatiboki, pertsonaren duintasunaren aurkako atentatua dela irizten dio, eta ahulenen kontra jarduteko tresna eta galera sozial handiagoen iturri izan daitekeela salatu dute.

1.- Hitzen erabilerak, askotan, nahasmena sor dezake. Horregatik, hasteko, hiztegia argitzen ahaleginduko gara: heriotza duina: hiltzear dauden gaixoen sufrimendua arintzea xede duen praktika medikoa (6 hilabete baino gutxiagoko bizi-itxaropena), baina gaixotasunak bere bidea egin dezan utzirik; hor sartzen dira tratamenduren bati uko egiteko eskubidea eta agonia laburtu/arindu dezakeen sedazio bat izatekoa; pazienteari, ekintza pertsonal modura, ez dio “hiltzeko eskubidea” kentzen; eutanasia: osasungintzako profesionalak amaiera ematen dio paziente sendaezinaren bizitzari, haren sufrimendu jasanezina amai dadin; lagundutako suizidioa: osasungintzako profesionalak medikamentuak helarazten dizkio pazienteari -ez dauka zertan fase terminalean egonik- bere buruaz beste egin dezan.

2002an, Espainiako Gorteek Pazientearen Autonomia Legea onartu zuten. Hori oinarri harturik, hainbat autonomia-erkidegok beren arau propioa zehaztu zuten. EAEn, 2006ko uztailean, aho batez onartu zen Bizitzaren amaierako prozesuan pertsonen eskubideak eta duintasuna ziurtatzeari buruzko Legea. Bertan, zainketa aringarrien erabilera eta maite dituen pertsonak ondoan dituela azken uneraino egoteko eskubidea jasotzen dira. Bietan baztertzen da eutanasia erabiltzea, zeinari 2 eta 10 urte arteko espetxe-zigorra ezartzen baitzaio Zigor Kodean (143. artikulua). Kontuan izan behar da 6 estatuk soilik onartzen dutela praktika hori munduan.

Deigarria da egungo lege-proiektu hau subjektuaren oinarrizko eskubide berri gisa aldarrikatu nahi izatea, nazioko osasun-sistemaren prestazioetan sartzearen bitartez, norberaren borondatez baliatu ahal izateko. “Nire bizitza nirea da, nik aukeratu nahi dut nola eta noiz utzi bizitzeari”. Batez ere, sufrimendua gehiago ez jasateko hil nahi da; baita adin handikoei edo gaixotasun kroniko ezintzailea duten pertsonei begira ere, familiarentzat zama ekonomiko edo psikikoa baino ez direla uste delako edo ondoan inor ez dutelako. Hil nahi duena bizitzera behartzea bere autonomiaren aurkako atentatu larria dela diote, ez dagokiola hori gizarte errukior bati.

Eutanasia, ordea, ez da hil nahi duena soilik ukitzen duen gaia; aldiz, eragin handia du gizartean eta zalantzan jartzen ditu medikuntzaren ikuskera globala eta profesionalen lana. Lege despenalizatzaile gisa aurkezten bada ere (ez zigortzea bilatzen duen neurrian), abortuarekin gertatu den bezala, izatez, jokabide horiek legeztatzea ekarriko du eta bitarteko publikoak eskainiko dira praktika horiek gauza daitezen.

2.- Oinarrizko printzipio etiko batzuk eskaini nahi ditugu, norberaren erlijio-aukeratik harago joanik, legea behin betiko onartzen denean haren balorazioa egin ahal izateko. Etika zibiletik eta izandako aldaketa sozial handiaren ondorioz, zaila da eutanasiari ezezko biribil bat justifikatzea moralaren ikuspegitik, gaurko gizartean nagusi diren balioen artean baitaude indibidualismoa eta subjektibismoa. Baina printzipio erlijiosoetatik kritika daiteke. Horren adibide da, 2019an, “Bizitzaren amaierako gaiei buruzko erlijio monoteista abrahamdarren adierazpen bateratua” sinatu izana.

Guztiaren azpian, bizitzaren amaiera humanizatzeko erronka dago, hiltzear dagoen gaixoaren arretaren kalitatea hobetzea (intimitatea, hurbilekoekin egotea, oinaze krudela saihestea...). Eutanasiarako eskubidea ez baino, “duintasunez hiltzeko eskubidea dago, noiznahi dela ere”. Gaixotasunaren prozesuagatik, edo beste egoera bategatik, erietxean jarraitu behar denean, zainketa aringarrietako profesionalak eskura direla jakitea, agurra lasaiagoa eta gizatiarragoa izan dadin. Are gehiago, komenigarria ikusten bada, sedazioa erabiltzea agoniaren larritasuna baretzeko.

3.- Funtsezko arazoa da nor den norberaren bizitzaren nagusi, eta ea hiltzeko eskubidea jar ote daitekeen beste eskubideen gainetik. Horrek konnotazio sozial eta politiko argiak ditu, sustatzen den pertsona -eta gizarte- ereduaren isla baita, batez ere, ahulenei eta zaurgarrienei dagokienez.

Praktika hori onartu den tokietako esperientzian oinarrituta, abusuak sortzeko arrisku argia ikusten dugu, hau da, onurak baino kalte gehiago ekarriko dituela. Hori dela eta, jarrera batzuen eta besteen arteko eztabaida lasaia bultzatu behar litzateke, bereizketa arduratsu bat egiteko: zer da ona eta zer txarra hiltzear dagoen pazientearentzat? Zer nahi du berak benetan? Nolakoa izan behar da arreta zuzena?

Galdera horiei zintzotasunez eta gizatasunez emandako erantzunetan bilatu behar da gaixoari bizitzako azken fasean behar bezala laguntzeko oinarria. * Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Joxemari Muñoa