OVID-19ren aurkako txertoen eskaintzarekin hasi genuen 2021a, eta hilabete gutxi barru txerto gehiago izango ditugun ziurtasunarekin, nahiz eta zalantza batzuk sortu diren dagoeneko hitzemanda zeuden kopuru garrantzitsu batzuk atzeratuko direlako. Espero dugu gaixotasuna igaro dutenak eta oraindik sufritzen dutenak sendatuko direla eta normaltasunera itzultzeko aukera izango dugula.

Baina, izatez, itzuliko ote gara bizimodu normal horretara? Zer baldintzatan? Galdera horiek eta beste hainbat egiten dizkiogu geure buruari.

Bidezkoa litzateke, eta hala nahi genuke, txertaketa-kanpainari esker lortuko diren osasun-baldintzak herrialde guztietara iristea, baita egoera ekonomiko okerrenean daudenetara ere. Mendebaldeko gizartean bizi garenontzat asko erraztuko du, zalantzarik gabe, normaltasunera itzuli ahal izatea, nahiz eta, eguneroko bizimoduan, aldaketa ekonomiko eta komertzial handiak nabarituko ditugun, baita aldaezinak iruditzen zitzaizkigun zenbait ohituratan ere.

Mota guztietako murrizketak errespeta-tzea komeni dela ikusirik, beste era batera bizitzen ikasi behar izan dugu eta asko murriztu dugu jarduera soziala: familia-bilerak arautu ditugu, tabernak eta jatetxeak itxi, saltokietako edukierari mugak jarri, garraio publikoak eta banakakoak behar-beharrezkora mugatu, alferrikako kontsumoari ezezkoa eman, etab. Murrizketa horietako asko mingarriak zaizkigu eta asko kostatzen da horiei aurre egitea. Baina, muturreko egoeren aurrean, ezohiko erabakiak hartzeak badu bere logika.

Eskuz egiten den lanak, lanbide-jarduerek eta irakaskuntzaren munduak ere eragin handia jasan dute, jende-pilaketak eta kutsatzeak ekidin beharrak bultzatuta. Beste modu batera jokatzeko aukerak badaudela ikusi da -telematikoki, adibidez-, eta orain arte ezagutzen ez ziren abantailak ere aurkitu dira. Baina oraindik asko dago ikasteko, etorriko diren oztopoak saihestuko badira. Nolanahi ere, herritarrek aurrez aurreko harremana lehenesten dute gizarte-bizitzaren hainbat alderditan, harreman horiek gizaki gisa definitzen gaituzten lotura pertsonalak aberasten eta humanizatzen dituztela sinesten baita.

Pandemiaren eragin soziala eta ekonomikoa hondagarria ari da izaten eguneroko bizimoduko alderdi askotan, hala zentzu pertsonalean nola kolektiboan, ekonomian, familien bizimoduan, enpresen jardueran, etab. Beste batzuetan ere errepikatu izan dugu hori. Elkarlanerako eta elkar laguntzeko unea da, nahi baino gehiagotan agertzen zaizkigun gabezia horiek saihestu eta beharrezkoa zaigu hain kaltegarriak diren gaitz korrosibo horiek gainditzea -liskarra, doako akusazio publiko eta pribatuak, irainak-, kohesio soziala hautsi eta elkarrekin egin beharreko lana eragotzi baizik ez baitute egiten. Saia gaitezen elkarlana eta auzolana hitz polit batzuk baino zerbait gehiago izan daitezen. Hauxe da ekintzen bidez erakusteko unea.

Egia da, halaber, biztanleriaren sektore zabalak aldaketa nabarmenak ari direla jasaten aisialdiko hainbat jardueratan, familia-bilerak, kultura- edo kirol-ekitaldi jendetsuak, jai-giroko bilkurak, etab. ez baitira posible, baina, seguru al gaude hori txarra dela? Gaur bizi dugun egoeran, zein dira gizarte justu eta demokratiko batean bermatu behar diren funtsezko lehentasunak? Hona hemen guztiontzat gizarte gizatiarrago bat eraikitzeko benetan beharrezkoa eta ezinbestekoa zer den argitzeko planteatu beharreko oinarrizko gaiak.

Badira zenbait bilakaera teknologiko non oso zaila den eragina izatea. Trenbidea etorri zenean, milaka enplegu suntsitu ziren orduko garraio-moduetan; gauza bera gertatu zen nekazari-tzan traktoreak sartu zirenean, robotika orokortzearekin, etab. Internet bidezko salmentarekin, seguruenik, antzeko zerbait jazoko da. Ez dago gizartearentzat onuragarriak diren eraldaketak saihesterik, eta ez dira saihestu behar. 80-90etako hamarraldietan, euskal industriak, alde askotatik zaharkituta zegoenak, teknologia- eta antolamendu-aldaketa garrantzitsuei aurre egiten jakin izan zuen. Antzeko egoeran ote gaude gaur egun?

Egungo abagunea baliaturik, ez litzateke txarra gure ohitura batzuk aldatzea. Modu soilagoan bizitzen saiatuko bagina, agian gehiago gogoratuko genituzke gureak baino baldintza askoz kaskarragoetan bizi direnak. Euskaldunok oso egoera zailak gainditu ditugu gure historian zehar. Prest ote gaude, une honetan, gure ongizatea guztion onerako sakrifikatzeko, baina, batez ere, gehien sufritzen ari diren horien mesedetan?

Guztiok inplikatu behar dugu COVID-19ren pandemiak planteatu digun erronka honetan, eta gure erakunde politiko eta ekonomikoei eskatu behar zaie, lege- eta ekonomia-baliabideak dituztenez, ezar ditzatela konponbide egoki eta zuzenak, guztion onerako, informazio-gardentasuna eta zintzotasuna bandera dituztela. Baina besteei eskatzea, geure buruari eskatu gabe, itxurakeria hutsa da. Konpromisoak geure gain hartzen ez baditugu, ez gara aterako, denbora luzez, murgilduta gauden egoera larri honetatik.

* Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo García eta Joxemari Muñoa