Erredakzio-mahaia

'Rave'-ak eta galerak

03.01.2021 | 00:54
'Rave'-ak eta galerak

Bilboko plazan, gaur izokin freskoa edo mango tropikala erosten dugun Erriberako merkatua dagoen lekua berean, exekuzio publikoak ospatzen ziren Aro Modernoan. Garai hartan, gizonak armatuta irtetzen ziren kalera istilu batek dueluan bukatu zezakeelako. Erresuma Batuan edo Frantzian girotutako filmeetan hamaikatxo aldiz ikusi ditugun praktika odoltsuak hemen ere jazotzen ziren, justizia aplikatzeko ikusmolde bortitz horrekin bat egiten baitzen. Zailagoa izan zitekeen errudunarekin topo egitea baliabideak urriagoak izateagatik, baina sarri tortura erabiltzen zuten medio bezala aitortzak lortzeko. Oinaze-zaldian, esaterako, sokekin eskuak eta oinak lo-tzen zizkioten akusatuari, borreroak muturrak tenkatu zitzan. Zigorrak ere maila berekoak ziren, eta, zenbaitetan, epaileen irizpideen araberakoak. Delitu beragatik hamar urteko erbestea edo hamar urte galeretan ebatzi zitekeen. Luis Maria Bernal historialariak Historia negra de Bilbao (1550-1810) saiakeran deskribatzen dituen justizia administratzeko orduko modu ortodoxoak gogoratu ditut atzora arte Llinars del Vallèsen ospatzen ari zen rave jendetsutik irtenarazi zituzten arduragabeen berri izandakoan. Lau eguneko jaia egiteko helburua zuten urte berriari ongietorria emateko. Azkenik, Mossoek 215 pertsona identifikatu zituzten. Horietako askok, atzerritarrak izanik, ez dute ezta isunik jasoko ere. Ados, exekuzio publiko bat larregi litzateke; baina, esan, nork ez lieke galeretan egonaldi bat egitea desioko?

aaraluzea@deia.eus

Más información

Blogs de Deia
Foros Deia