Erredakzio-mahaia

"Lehen emakumea"

27.09.2020 | 01:20
"Lehen emakumea"

Feminismoak planteatzen dizkidan debateek loa ken-tzen didate. Berriki Ana Urkiza izendatu dute Eusko Ikaskuntzaren lehendakari. Zenbait hedabidek ehun urtetik gorako erakundean kargua lortzen zuen "lehen emakumea" zela nabarmendu zuten titularrean. Idazleari ez zi-tzaion ikuspuntua gustatu: "Ez luke titularretan egon beharko", adierazi zuen etxe honetan kaleratutako elkarrizketan. June Fernandez kazetariak Juana Gallego irakaslearengandik ikasitako "betiereko aitzindariaren sindromea" izeneko kontzeptua argudiatuz esplikatu zuen behin ikuspegi horren desegokitasuna: "Lorpen kolektibo bat gailentzen da pertsonalaren aurretik. Ikusezin bihurtzen duen asimetria sexista bat da". Hortaz, protagonistaren meritu guztiak generoaren azpitik gelditzen dira berriemaileok ez dakit zer lortu duen "lehen emakumea" idazten dugunean. Azalpena ulertzen dut, eta, nola ez, bat nator. Alabaina, nola azaleratu 102 urte behar izan dituela erakunde batek bere buruzagitzan emakume bat onartzeko? Nola salatu beste hainbat arlotan indarrean jarraitzen duen kristalezko sabaia –begiratu orrialde honetan, goian ezkerretara– nahiz eta tarteka emakume bat sartzeko beste den haustura izan? Nola adierazi arrakasta pertsonala kolektiboa ere izan daitekeela gizon batek leku berean izango lukeen entzutea zapuztu gabe? Ez daukat erantzunik. Baina feminismoa erantzunetan baino statu quo-a zalantzan jartzen duen eztabaidan oinarritzen dela ulertzen hasia naiz.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia