Z dago desilusiotik bueltatzerik. Itzulerarik gabeko bidea da. Horregatik da hain arriskutsua desilusioa, horregatik eragiten du hainbeste min. Bizitzan, gerta daiteke lagun batekin haserretzea eta, denborarekin, adiskidetzea; gerta daiteke maitasun-harreman bat aldi batez itzaltzea eta, txingarrak hauspotzen direnean bezala, bat-batean berriro piztea. Berriz ere berreskura gaitezke pertsona batek eragin digun haserretik, maitasun-sentimendutik, minatik, baina ez desilusiotik. Pertsona batengan genuen ilusioa galtzen dugunean, pertsona horrek muga bat igaro eta bere atzean ate bat itxi balu bezala da. Ezin da zeure mundura itzuli, zeure konfiantzara, zeure arimara. Ezin da gehiago zure ilusioaren parte izan. Nahi izanez gero ere ez. Eta hori da mingarriena, pertsona hori berreskuratu nahi baduzu ere, desilusioak zure bizitzatik bota duela jada. Desilusioak zure borondateak baino gehiago agin-tzen du.

Desilusioa hitz batzuk bezalakoa da, itzulerarik gabeko bidea markatzen dutenak. Hitz batzuek ez dute atzera bueltarik. Bikote batek euren arteko errespetua galtzen duenean, adibidez. Bikoteak elkarrekin jarraitu arren, hitz horiek putreen antzera egingo dute beti hegan euren harremanaren gainetik.

Desilusioa da piano baten soinua jotzen ez dakigunean. Norabide desberdinetan doazen noten eta sentimenduen nahasketa da, harmonia hausten duen eta nerbioak asaldatzen dizkigun zarata ezinezko bat sortzen du.

Ez dago desilusiotik bueltatzerik. Beraz, garrantzitsua da kontuz ibiltzea, ilusiorik ez galtzeko ez pertsona ez proiektuetan, baina, batez ere, kontuz ibili behar da inguruan ditugun pertsonek, guretzat garrantzitsuak direnek, ez dezaten oraindik gugan duten ilusioa galdu. Batzuetan nahikoa da noizean behin euren bizitzan gertatzen denak kezkatzen gaituela erakustea, desilusioaren muga ez igarotzeko. Ba-tzuetan, nahikoa da harremanen txingarrak hauspoarekin bizitzea noizean behin, itzulerarik gabeko egoera horretara ez iristeko. Animo, agian oraindik garaiz gabiltza ta.