DAZKENARI buruzko zutabea idaztea pentsatuta nuen: alde batetik, ideia gutxi ditudalako buruan normalean eta, bestetik, gaiak aukera ematen zidalako udaz eta txikitan eskolan egin beharreko idazlanez orain dela gutxi idatzitako zutabe batekin lotura egiteko (eta zutabeen arteko loturak oso ondo gelditzen omen dira). Aitortu behar dut udazkena uda baino maiteago dudala, idazgai moduan edo urtaro moduan. Gainera, pasadizo, istorio, anekdota hunkigarri bat, andre zahar bat barne, banuen euskal literatura jotzen duen hunkigarrismoaren olatuaren gainean lekutxo bat lortzeko: aldapatik behera nenbilen Gasteizko Alde Zaharrean eroritako indi gaztainei ostikadak ematen, txikitan bezala eta udazkenero bezala; bat-batean, horietako gaztaina bat, nire ostikada indartsua sentitu eta gero, baina erabat desbideraturik, aurrean zihoakidan adineko emakume baten hankatik zentimetro batera pasa zen; andreak buelta eman eta barruan daramagun haurraz hitz egin zidan, lasai, ez oso haserre; desenkusatu nahian aspaldiko ohitura aipatu nion; ezagutzen zuen; gustura egon ginen kontu kontari apur batez.

Pasadizo horrekin (aldaketa batzuk egin eta gero, jakina, hunkigarrismoan emakume zaharrak "amonak" dira beti, begirune gutxi) eta naturak udazkenean eskaintzen digun ikuskizun paregabearekin idatzita izango nuen zutabea (hunkigarria, lirikoa), baina etxera iritsi nintzen, edo lanera, eta sakelakoan Confebaskeko presidentearen azken adierazpenak irakurri nituen. Pikutara hunkigarrismoa. Pikutara lirismoa. Pikutara udazkena. Eduardo Zubiaurreren arabera, krisia dela eta, langileek aukeratu beharko dute, kalera-tzeak ala soldaten jaitsierak, ez dago besterik; langileen arteko elkartasuna deitzen dio horri. Enpresarioen buruak, lotsarik gabe, lezioak eman dizkigu guztioi langileen elkartasunaz. Ezin gara beherago erori. Urkullu lehendakariak ez omen du ulertu zergatik egin genuen greba hezkuntzan aritzen garenok (ez bakarrik irakasleok), ez bada sindikatuek ezkutuko estrategiak dituztelako. Nik ulertzen ez dudana da nola ez gauden guztiok greban egunero: benetako udazken beroa.