ONGRESUAN, arrazoirik gabeko soberbiaren bidez, amorrazioa sortzeko eliteko ekipo eskarmentuduna da hiru letra dituen alderdi ultraeskuindarra. Hori baino ez dakite egiten, tai gabeko ukazioarekin. Erakusten duten ezjakintasun galantak beldurra ere ematen du, eurek bezala jende askok bestelako irakurketa egiten baitu Espainiako historia garaikideari buruz. Gainera, hedabideek baleko ematen dituzte haiza-tzen dituzten astakeria guztiak.

Duela egun batzuk amurriarra ikusi nuen hemizikloan paraxutisten sinboloa zeraman muturreko batekin. Betiko haserrearekin esaten ari zen Sanchezen gobernua azken 80 urtetako txarrena izan zela. Berenberegi, frankismoaren garaiari gorazarre egin zion, dar-dar minimorik erakutsi gabe, lotsarik gabe. Musuko hura jarrita bestelako indar faktiko eta sinboloekin patriotismo erraza egin nahi izan zuen, bere garaiko soldadutzatik ihes egiteko amarru ederrak egin zituela denok dakigunean. Faxismo hurbila baino ez dute eskaintzen, inolako logikarik gabe. Ez dute bestelako proposamenik, ez dute inolako neurririk ekartzen, pentsatzen. Espainiako bandera galtzontziloetan jarrita kongresura joaten dira zikinkeriak esatera.

Joan den astean barregarri lotu ziren berriz alderdi independentistak legez kanpo uzteko lege-proposamena aurrera atera nahi izan dutenean. Hiru letra dituen alderdiko kide bizardun batek ideia hau zabaldu nahi izan zuen era boteretsuan: alderdi independentistak eta demokrazia bateraezinak direla. Demokrazia batek pentsamendu politiko guztiak onartu beharko lituzke, eta zoritxarrez euren ildo politiko baztertzaileak ere hortxe daude. Halarik ere, gaurko egunetan, eta faxismoa presiopean bizi izan duten herrialdeek korronte politiko horrekin zelako jarrera hartu duten ikusita, lotsagarria da horiek bezalako sasi-politikoak Espainiako kongresuan izatea. Legezkoa ote da esan eta egiten dutena?

Bestelako alderdien pentsamendu eta ideiak legez kanpo utziko lituzkeen alderdi horri independentistekerantzun elegantea eman zieten, muturrean bertan: Francok ezin izan bazuen, are gutxiago zuek.