ITORTZEN dut pandemiak erretxindurik naukala, ukatzaileen taldean nagoela ere esango nuke; ez birusa eta pandemia badirela onartzen ez duten txoro horien taldean, ez; badela onarturik psikologikoki ukazioan ari eta ari, ondorioak onartu ezinean dabilen taldekoa naiz.. Hala nabil, terraza batean lagunekin gelditu, nahi baino bakanagoetan esan beharra dut, distantzia guztiak mantendurik eta maskara jarrita, barnetik haserre munduaren kontra, lagunen kontra, politikoen kontra. Doluaren, "normaltasuna" galdu dugu, lehengo fase horretan, ukazioan: eta isilik, badakidalako ez dudala lagunen kontra, behintzat, egoteko arrazoirik.

Baina pandemia izan badela onartzeak, aurrekoan esaten nion horietako lagun bati, ez du esan nahi pandemiaren kudeaketa goitik behera onartu behar dudanik. Maskara agintariek esan bezala eramaten dut, baina, badakit oraingo maskara eraman beharra lehen hartutako erabaki politikoen ondorio dela.

Urteetako osasun sistemaren deskapitalizatzearen ondorio da maskara eraman beharra; deskapitalizatze horren ondorio da PCR frogak gehiegizko frogatzat jotzea; deskapitalizatze horren ondorio da aztarnari kopuru txikiegia; aurreko krisiaren aitatu eta pentsatzen jarri ere ez zen eredu produktiboaren aldaketaren ondorio ere bada, (gure sistema ez zen turismoaren horren mendeko izango eta beharbada kutsatze tasa txikiagoa izango genuke); eta azkenik, sozialki portatzeko gure maneraren ondorio ere bada; eta prest nengoke onartzeko hori dela politikoa ez den bakarra, baina, nago izurriteari aurrea hartu nahi bazaio hori ere kontuan hartu beharreko afera dela.

2018.ean BPGren % 9,91 bideratu zuten osasungintzara Alemanian ; % 6,37, bataz beste, Espainian; %5,3 EAEn zein Nafarroan. Gero esan diezadatela nik txintxo-txintxo eramaten dudan maskararen derrigortzea ez dela erabaki politikoa. Egia bada nazioen aberastasuna bere eliteen zintzotasunaren, onar iezadazue kutsu morala, araberakoa dela, pobrezia datorkigu. Egia bada ordezkari politikoak gizartearen isla direla, ez dut nire baitara begira begiratu nahi. Beldurra ematen dit ikusiko dudanak.