UTE guztiek antzeko beroa ematen dute? Ez. Sua bihotzaren barrenean ediren daitekeen elkartze kimiko-sentsoriala izan ahal da, bai eta Barrundiako baserri zahar batean amama zaharrak gaztainak kiskaltzeko erabiltzen duena ere. Sua, Zuberoako Arbailako mendigunearen bi herenak estaltzen eta populatzen dituen pagadi itzel horrekiko mehatxua ere izan daiteke, bertako berdetasunak botere izugarria duen arren.

Sua gizakien monumentuak, herriak, elizak, museoak arrasatu dituen mamua ere izan da inoiz. Alexandriako liburutegiko eskuizkribu metaketa izugarria hauts bilakatu zuen garra izan zen, bai eta duela hilabete batzuk frantses askoren negarra sorrarazi zuena ere, Notre Dame katedralaren sabaia sutan ikusi zutenean. Eta sua ere bada Greziako Moriako errefuxiatuen kanpalekuan sortu den infernuko piztia.

Bi sute ezberdinak agertu dira lerro hauetan, Notre Dame katedrala biziki kaltetu zuena, eta Moriako errefuxiatuen desesperazioa biderkatu duena. Su ezberdinak dira biak, garrak berak badira ere ondorio oso ezberdinak zabaldu baitituzte gizartean.

Pariseko ikono arkitektoniko haren suntsiketarekin nazio oso bat hunkiturik agertu zen, jendea malkotan, tristeziak jota. Garai haietan irakurri genuen bezala, hango suteak nazioartearen arreta erakarri zuen eta Europa herrialde askotako agintariek dolu mezuak igorri zituzten, tartean, Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak, Donald Tusk Europar Kontseiluko presidenteak, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak, Sadiq Khan Londresko alkateak... bai eta Donald Trump AEBetako presidenteak ere. Handik gutxira, Parisko Notre Dame katedrala bost urtetan berreraikiko zutela agindu zuen Emmanuel Macron presidenteak. Eta berehala ere zabaldu zen munduko zenbait aberatsek donazioak egingo lituzketelako albistea, dena atoan berriztatzeko.

Ez dakit zer gertatu den Notre Dame katedralarekin, eta ez dauka lebarik niretzat, baina argi dago "tragedia" hitza zer den ez dakigula, ez eta errefuxiatua izatearen dimentsioa ere.