USAN Susan Sontag-en biografia irakur-tzen ari naiz. Benjamin Moserrek atera berri du, Clarice Lispectorrena, brasilgo idazle judutar jatorrikoa, mundu literarioa anglosaxoiaren erdian paratu zuen horixe bera? Sontag-i ez diot horren famatu egin zuten saioetarik bat ere irakurri, ez Interpretazioaren kontra, ez Argakigintzari buruz, ez Gaixotasuna metafora moduan, ez eta Bolkanaren maitalea nobela, 90 hamarkadaren hasieran aberastasuna eta mundu osoko arrakasta eman ziona. Alta pertsonaia interesatu izan zaidanez, hurrenez hurren irakurri ditut David Riff semearen Heriotz itsaso batean igerika (haren heriotzaren gainean), Sontag beraren Egunerokoak eta, orain, Molesen biografia. Kuxkuxeroa naiz, eta Sontag intelektual konprometituaren figura eskuinekoa egin aurretiko azken aleetako bat izan zen; setioaren garaian Sarajevon egin zituen egonaldi eta antzerki produkzioak adibide.

Egunerokoetatik gehien harritu ninduena hau izan zen: minbizia diagnostikatu zioten hirugarren aldian saiatzearen saiatzeaz gaixotasunari aurre egingo ziola zuen segurtasun. Adimenaren indarrak gutxirako balio izan zion, hil egin baitzen, ikusibeharreko opera eta antzerki, irakurribeharreko liburuen zerrenda amaigabeak apuntatuta utzita, hori bai. Biografian hiru gauzek eman didate arreta: lehenengokoak zein diba izatera ailegatu zen garraiatzen zuen ezkerreko utzikeria haren azpian. Bigarrengoak, armairuan izateak irakurle gehienentzat --gizonekin oheratzen bazen ere, emakumeekin zituen harreman apasionatuak- erraztu egin zion publiko zabalagora ailegatzeko ahalmena, Andrienne Richi, armairutik kanpo, gertatu ez bezala. Hirugarrengoak, ordea, ezinegona eragin dit. Sontagentzat artea bizitza honetako gauzarik gorena zen, eta artearen artean, jakina, ez da sar-tzen pop edo rock musika, artea, izateko, gora izan behar baitu, pop deituko genukeen horretatik oso bestelako. Nire artean pentsatu dut zer ostia ari naizen biografia pop hau irakurtzen, zergatik ez naizen ari, ez dakit, Balzac irakurtzen, edo Danilo Kis edo Hermans Broch, benetako artea, Sontagen iritziz. Aitzakia bakarra dut: kuxkuxeroa naiz.