Elezaharraren handiagotzea

23.08.2020 | 00:16
Elezaharraren handiagotzea

Hamar Goya irabazi zituen Altzoko Handiaren biopic-a egitea erabaki zutenean, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek argi zuten bere hezurren inguruan zegoen misterioak egituratuko zuela nolabait filma. "Hilobi huts batekin egin nuen topo. Nire anaiaren hezurrak desagertu egin ziren, mundu aldakorrak irentsi egin balitu bezala", dio pelikularen hasieran Martinek, Joaquin Eleiceguiren anaiak, bien aita lurperatu behar duenean. Bukaeran, bere off ahotsa en-tzuten da berriz: "Batzuen esanetan, Joaquinen hezurrak Ingalaterrako museo batetan zeuden, beste batzuk zioten mediku bati saldu zizkiola bera hil eta gero familiari dirua uzteko. Ez zen ezer frogatu eta Joaquinen hezurrak ez ziren inoiz azaldu". Aste honetara arte. Mende eta erdi baino gehiago irauten zuen misterioa argitu da. Altzoazpiko hilerriko hezurtegian topatu duten 64 zentimetroko femurrak ez du duda izpirik utzi, Altzoko Handiarena izan behar du halabeharrez. Justizia poetikoak bere bidea egin du, Joaquinek inoiz utzi nahi ez zuen herrixkan baitzeraman denbora guzti honetan. Bitartean, teoria berri batek indarra hartu du: hezurren inguruan zabaldu ziren esamesak familiak barreiatu zituela gorpuzkia babesteko. Eta hipotesi honek, gainera, ez du Altzoko Handiaren pelikula ezeztatzen, anaiaren alegatua azpikeria bezala interpretatu baitaiteke. Orain, aurkikuntzarekin, egiaztagarria den errealitatearekin topo egiterakoan, elezaharra desagertu baino handitu egin da.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia