Erredakzio-Mahaia

'Joie de vivre' arduratsua

21.06.2020 | 11:33
'Joie de vivre' arduratsua

uDAKO jaiak bertan behera geldituko direla uste ahal duzu?", galdetu zidan bere xalotasun guztiarekin 20 urteko lehengusinak martxoaren 26an –solasaldia sare-sozial bateko txatean gelditu zen erregistratuta–. Ondo pasatzeko gune eta daten desagerpen hipotetikoa zen haren kezka nagusietako bat. Gazteen joie de vivre, badakizue. Eman nion erantzuna are inozoagoa izan zen: "Ez, lasai, asko falta da horretarako". Ordutik iragarle modura nuen sinesgarritasuna galdu dut, noski. Bitartean gazteriak gaueko aisia berrasmatu du, herriko plazetan botiloi klandestinoak antolatuz eta lonjetan bilduz ordu txikietara arte. Alarma egoeraren indargabetzearekin batera, asteburu honetan gaueko tabernak berriz ere hormonen aterpe eta dantzaleku bilakatu dira. Orain lokalen edukiera eta, hortaz, distantzia soziala kontu handiz bermatzea ostalarien erantzukizuna da. Baina bezeroen ardura ere izan beharko litzateke. Japonian egindako ikerketa baten koronabirusaren 61 agerraldi aztertu, eta, horien fokua hein handi batean sintomarik garatzen ez duten 20 eta 39 bitarteko biztanleak direla ondorioztatu dute. Jakin badakigu tarte horretakoak ez garela pandemiaren biktima nagusiak, hala ere komeni da maite dugun senide ahul bat kutsatzen baldin badugu zeharkako biktimak izan gaitezkeela gogoraraztea. Eta ez naiz iragarlea, ez. Baina ardura gabeko joie de vivre aplikatzeak –batez ere alkoholaren laguntzaz– joie guztiarekin bukatu dezakeela sumatzen dut.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia