Erredakzio-mahaia

Lidergo politikoa

10.05.2020 | 02:27
Lidergo politikoa

Hitzen etimologia ezagutzea gogoko dudan arren –edo horregatik, beharbada– harritu egiten nau histeria berbaren jatorriaren funtsak nola bizi iraun duen egun arte. Grezieratik datorren terminoak utero esan nahi du, eta, bere sorreran, emakumezkoen gaitz bat izendatzeko erabiltzen zen. Denborarekin, histeria ezohiko egoera baten aurrean gehiegizko erreakzioak dituen pertsonarekin lotu da. Eta antzinatasunean bezala, Twitter-en garaian ere, neurriz gaineko erantzuna duen emakumea histeriak joa dagoela esan ohi da, gizonezkoekin gutxitan lotzen den bitartean. Bada pandemiaren aurrean nazioarte mailako lider politikoek izandako jarrerak aztertuz gero, histeriatik arras urrun kokatu dira herrialde baten buruzagitza erdietsi duten emakume bakanak. Zintzotasunaren bandera eutsiz, enpatia hobe komunikatzeko ahalmena agerrarazi dute, larregizko optimismoan erori gabe eta diskurtso gerrazalea baztertuz. Beste muturrean, jarrera negazionistak, histrionikoak eta megalomanoak izan dituzten hainbat gizonezko gailendu dira. Emakumeek krisi egoerak kudeatzeko konpetentzia handiagoa dutela esan nahi du horrek? Ziurrenik ez, baina esango nuke dauden tokira heltzeko gainditu behar izan dituzten oztopoak askoz neketsuagoak izan direla erakusten duela. Eta ez litzaieke exigitu behar emakumeei gizonei eskatzen zaiena baino gehiago. Hau da, Casado bere gaitasun ezarekin presidente izatera hel baldin badaiteke, zergatik ez Ayuso?

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia