Erredakzio-mahaia

Positibotasun toxikoa

03.05.2020 | 00:23
Positibotasun toxikoa

Sare sozialak maiztasunez erabiltzen dituzuenok ikusiko zenuten konfinamendu egoeran zer egin behar dugun aholkatzen diguten diskurtsoak ugaritu egin direla. Paternalismo eredugarri hori arropa markak sustatzeko kanpainak egiteaz bizi diren influencer-en eskutik datorkigu askotan. Orain, modaz gain, kozina eta kirolaren eremuak ere bereganatu dituzte. Eta adoretu egin dira haien jarrai-tzaileek makarroi batzuk nola prestatu behar diren edota bizepsak lantzeko ariketa aproposena zein den galdetzen dietelako. Sasi-preskriptore hauen gehiegikeria, baina, gure sentimenduak bideratu nahi dituztenean suertatzen da. Izan ere, emozioak infantilizatzen dituen positibotasun toxikoaren sustatzaile nagusiak dira. Haien aburuz, zerbait ondo irtetzeko mantra ondo irtengo dela pentsatzea da, unibertsoak pentsamenduak fokalizatzen duena itzultzen duen tesiaren sinestunak baitira. Erakarpenaren legea bezala ere ezagutzen den teoriaren arabera, helburuak ez erdiestearen presio guztia norbere gain dago, bost axola asmoak errealitatetik kanpo egon baldin badira. Eta kostata, gogaikarriak suertatzen baitzaizkit, baina zerbaitetan arrazoia eman behar diet Mr. Wonderful-en katilu ibiltariak diruditen eragileei. Hainbeste urtetan astelehenak madarikatu ostean igandea behin eta berriz errepikatzeko aukera opatu digu patuak gure desiorik inplizituena ain-tzat hartuz. Dagoeneko 49 igande kateatu ditugu. Zorionekoak gu, ezta?

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia