Erredakzio-mahaia

Gose soziala

19.04.2020 | 00:33
Gose soziala

Gogoratzen duzue mendian norbait aurkitzen genuenean agurtu egiten genuela? Hala zen behin-tzat alarma egoera hasi arte. Eta ziurrenik hala izaten jarraituko du Pagasarrirako errenkadak berriz baimentzen direnean, burua astintzearen keinuak ez baitu distan-tzia soziala haustea suposatzen. Gure kulturaren parte den idatzi gabeko arau inplizitu honek naturaren mugak traszenditu dituela konprobatu dut, konfinamendu egoera honetan behin baino gehiagotan suertatu zaidalako ezezagun batek agurtzea. Lehengoan hiriaren erdigunean gertatu zitzaidan. Navarra kalea jaisten nengoela ezagutzen ez nuen tipo batek agurtu egin ninduen. Harridura aurpegia jarri arren adioa itzuli nion. Agian denbora luzea zeraman arimarik ikusi gabe eta ilusioa egiten zion hominido batekin gurutzatzeak, batek daki. Izan ere, goseak dituen mekanismo zerebral antzekoak esnatu omen ditu bakardadeak, jasaten duen pertsonarengan gabezia hori betetzeko grina piztuz. Alabaina, isolamendua ez da hozkailua zabalduz konpontzen. Eta teknologiaren garapenak giza-harremanak eraldatuko zituela uste zutenek arrazoia zuten, baina egunotan egiaztatu dugu bideokonferentziak ez direla hiru dimentsioko interakzio irrika sosegatzeko gai. Kontua da: zein neurritako kontaktua behar dugu gose soziala asetzeko? Ezezagunak agurtzea aperitiboa baldin bada, zertara helduko gara dilista plater bat berdindu behar baldin badugu?

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia
noticias de deia