Erredakzio-mahaia

Biktima zenbakarriak

12.04.2020 | 00:31
Ane Araluzea

Telebistaren aurrean emandako orduak. Albiste faltsuak. Paniko-atakeak. Hartu diren antsiolitikoak. Whatsapp bidez bidalitako lelokeriak. Instagramen egin diren challenge guztiak. Beste eginkizun batzuetarako erabili diren komuneko paper-biribilkiak. Zenbat falta den galdetu duten haurrak. Herdoildutako zabuak. Erosketak egiteko joan-etorriak. Leher eginda bukatu duten txakurrak. Intsumisoei jarritako isunak. Eskatu ez diren musuak. Lurrundu diren besarkadak. Ezerezean gelditutako maitasunak. Bakardadean edan diren garagardoak. Berrogeialdian jarri ez diren bularretakoak. Koloregabetuta gelditu diren pijamak. Youtuberen laguntzaz egindako gimnasia-saioak. Ukondoan doministiku egin diren biderrak. Eskuak garbitu diren aldiak. Paperontzira botatako maskarak. Erizain eta medikuak gurtzeko ekimenak. Elkartasun sareak. Txalo zaparradak. Telelaneko orduak. Ordu produktiboak. Agurrik izan ez duten hildakoak. Bidean geratu diren asmatiko gazteak. Isuri diren negar-anpuluak. Eta abar luze bat. Zenbatezinak diren gauza askorengandik gogoratuko dugu 2020 urtea, eta, gehienak ez dira kazetariok hain gogoko ditugun estatistiketan agertuko urte amaieran. Izan ere, gerora begira bi zifra izango dira traszendituko duten bakarrak. Koronabirusaz gaixotu eta hil direnen zenbakia eta hasteko dugun bigarren faseko biktimak, ugariagoak izango direnak: alarma egoera eten ostean langabezian geratuko diren milaka langileak.

aaraluzea@deia.eus

Blogs de Deia
Foros Deia