Inoiz baino presenteago ditut Huxley, Atwood eta Saramagok idatzitako maisulan distopikoak ez dudalako ezberdintasun handirik somatzen haiek sortu zituzten fikziozko unibertso ikaragarrien eta bizi dugun haluzinazio errealaren artean. “Krisiak dira egoera normal batean inork onartuko ez lituzkeen neurriak hartzeko unerik egokiena”, adierazi zuen Naomi Klein kazetariak bere entseguetako baten. Etxe barruko atxiloketaren antza duen konfinamendua da adibiderik egokiena. Krisiak dira, era berean, egoera normal batean inork azaleratuko ez lituzkeen jarrera nazkagarriak aztertzeko unerik egokiena. Eta bakarrik idazten ari den eleberri fantasmagoriko honetako protagonistarik maltzurrena izateko norgehiagokan lehia bizia dagoela konprobatu dugu. Aipatzeagatik, langileak bota ostean itxura garbiketa egiteko maskarak produzitzen hasi diren enpresak edota solidarioa izatearen esanahia ahaztu duten Europar Batasuneko herrialdeak. Baina bada gure artean ugaldu den kolektibo bat protagonismo eske dagoena: leihoetara atera diren txibatoak. Hau da, etxeko talaiaren babesetik kalean dagoena behatzarekin seinalatzen dutenak Estatuak ezarritako mugikortasun murrizketak denok errespetatzen ditugula kontrolatzeko asmoz. Koronabirusaren Gestapoa. Bere burua inor baino bizkorragotzat duen hori salatzeko saiakeran inor baino azkarragoak direla erakutsi nahi dutenak haien kaskartasuna agerian utziz. Lausengu irrikaz dauden betiko klaseko tontoak, azken finean.

aaraluzea@deia.eus