Asteko gaiaren inguruan idazteko tentazioa ekidin nahi izan dut baina ezinezkoa egin zait. Metroko barra ez oratzeagatik balaztada baten aurrean lurrera eror-tzeko arriskua hartzeko prest dauden hipokondriakoak ikustea pisuzko arrazoia iruditu zait. Gero, egun zentzuduna dirudien metro bateko distantzia mantendu ez duelako, gure lankide bati Leioako anbulatorioko harreragileak egin dion aldarriaren inguruan entzun dut. Baina telebistako tertulia baten, hirugarrenez, eskuak behar bezala nola garbitu behar ditugun aditzea izan da iritziz aldatzeko behin betiko zergatia. Bai, ni ere kezkatuta nago koronabirusarekin, oso kezkatua, zinez. Izan ere martxa honetan jarraituz gero bertan behera utzi beharko ditut Aste Santuko oporrak, gutxi falta baita aireko trafikoan muga errukigabeak ezartzen hasteko eta. Barkatuko didazue pandemia madarikatua banaliza-tzen saiatzen banaiz, baina histeria kolektibo honi aurre egiteko aurkitu dudan txerto bakarra izan da. Are gehiago historiaurretik hurrengo belaunaldiei inokulatzen diegun birus mortalago baten kontzientzia hain garbia daukagun garai hauetan. Bere ondorioak aski ezagunak dira: bortxaketak, mansplaining-a, androzentrismoa, kristalezko sabaia, ablazioa, jazarpena, soldata arrakala, beloa, eraso sexualak, xaria... Asmatuko zenuten zein birusez ari naizen. Gripearen edozein aldaeragatik baino emakumea izateagatik hiltzeko arriskua handiagoa dela ulertzen duzunean dena aldatzen da.

aaraluzea@deia.eus