Erredakzio-mahaia

Erruleta errusiarra

16.02.2020 | 06:16

Aldameneko etxebizitza Bookingen aurkitu dut. Banekien pisu turistikoa zela atariko plaka batek Eusko Jaurlaritzak exijitzen duen lizentzia duela ziurtatzen duelako. Baina batez ere aldi baterako "auzokideen" joan-etorriengatik ohartu naiz. Izan ere, gauero errusiar erruletara jokatzen dudala iruditzen zait. Baina bala bakar bat falta duen errebolberrarekin, ezinezkoa baita zerk esnatuko nauen asmatzea: txortan dagoen bikotearen hasperenak, sudurra estalita duenaren zurrungak edo mozkortuta heldu den kuadrillaren oihuek. Errebolberrak balarik disparatzen ez duenean pisua alokatu ez dela esan nahi du. Eta, zorionez, neguan aukerak areagotu egiten dira. Bitartean, gero eta sarriago ikusten ditut Zazpi Kaleetan turismoak eragiten duen gentrifikazioaren kontrako protestak. "Ez da turismofobia, klase borroka baizik", argudiatzen dute, agian kontuan izan gabe turismoaren demokratizazioak ekarri duela bere masifikazioa; hau da, lehen pribilegiatu bakar batzuen esku zegoena orain edonoren esku dagoela. Eta demokratizazio horretaz gozatzen dudan bitartean zaila egiten zait mugimendu horrekin bat etortzea, batez ere etxebizitzen prezio neurrigabeak -arrazoiz salatzen duten arazoetako bat- hirigunera mugatzen ez direla uste dudalako. Beraz, ongietorriak eta beharrezkoak dira pisu turistikoen oreka bilatzeko asmoz Udaletik hartu diren neurriak. Baina arautegia betetzen den artean, farmazian erositako tapoiak batere gaizki ez daudela egiaztatu dut.

aaraluzea@deia.eus

Más información

Blogs de Deia
Foros Deia