KATALUNIAKO buruzagi sozial eta politiko subiranisten kontrako epaiketa ekainaren 12an amaitu zen Espainiako Auzitegi Gorenean. Funtsean, autodeterminazio erreferendum bat antolatzeagatik epaituak izan dira. Orain, uda amaieran, epaiaren zain daude. Gaude. Ez da izango beste epai bat gehiago. Mugarri bat izango da. Batik bat, katalanentzat, baina baita guretzat ere, euskaldunontzat ere.

Prozesu judiziala ez da justua izan, arbitrariotasunez beteta izan da, funtsik gabeko akusazioetan oinarritu da, eta behin-behineko espetxealdiarekin presoen oinarrizko eskubideak urratu dira, Nazio Batuen Erakundeko Atxiloaldi Arbitrarioari buruzko lan taldeak salatu duenez. Izan ere, ondo gogoan dugu: Jordi Cuixartek eta Jordi Sanchezek ia 700 egun daramate preso bidegabeki. Oriol Junquerasek eta Joaquim Fornek 660tik gora. Raül Romevak, Dolors Bassak, Carme Forcadellek, Jordi Turullek eta Josep Rullek 550etik gora. Bidegabeki.

Epaia ez dugu justua espero, alderantziz baizik. Gure ustez, bidezko epai bakarra absoluzioa izango litzateke, baina, tamalez, zigorra eta eskarmentua besterik ez dugu espero. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren aurrean, estatu erantzun bat ikusi genuen (errepresioa eta polizia indarkeria, 155...), Auzitegi Gorenean estatu epaiketa bat ikusi dugu. Eta, orain, estatu epai bat ikus dezakegu.

Pedro Sanchez Espainiako jarduneko gobernuburuak berak, duela gutxi, nahiko argiki aurreratu zuen nolako epaia datorren. Uztailaren 18an, Sanchezek La Sextari eskainitako elkarrizketan, Pablo Iglesiasi ezarritako betoa azaltzean, argi utzi zuen nolako epaia espero duen: “...Datozen asteetan edo hilabeteetan bizi izango dugun estatu krisi handienetakoaren aurrean, ezin dezaket onartu Gobernuan izatea, leialtasunagatik, beste aldera begiratu edo isiltzea besterik egiten ez duen lehendakariorde bat”.

Pedro Sanchezek Auzitegi Gorenaren epaiaren ondorioz “estatu krisi bat” datorrela uste badu, estatu zigor bat aurreikusten ari delako da. Beraz, beharrezkoa da Euskal Herrian ere gogoeta egitea datorren epai horri buruz. Zigorra badakar, ondorio sakonak ekarriko dituelako Espainiako Estatuan bizi den edozein herritarrentzat, baina, bereziki, herrien burujabetza maite dugunontzat, gure herriaren etorkizuna guk geuk erabaki eta eraiki nahi dugunontzat.

Zigor-epaia bada, esan nahiko du oinarrizko eskubideak -manifestazio eskubidea, biltzeko eskubidea, adierazpen askatasuna... kasu- kriminalizatzeko ate handi bat zabalduko dela. Adibidez, atxiloketa batzuen aurrean protestatzeko, manifestazio eskubidea erabiltzea delitu bilaka daiteke, nahierara. Etorkizuneko estatus politikoa erabakitzea helburu, bozkatzera deitzeko adierazpen askatasuna erabiltzea bezala. Atzerapen izugarria eskubideen eta askatasunen alorrean. Benetako krisi bat demokraziaren ikuspuntutik.

Egia esan, ezin da esan eskubideen eta askatasunen ikuspegitik egungo egoera osasuntsua denik gure inguruan. Kezkatuta gaude oraindik ere XXI.mendean bizitzen ari garen urraketa eta atzerapauso larriekin. Denon begi bistan daude, besteak beste, mozal legearen aplikazioaren ondorioak adierazpen askatasunaren eta informazio eskubidearen kaltetan. Edo Altsasuko gazteei epaiketa justu bat izateko eskubidearen ukazioa. Edo 11/13 auziaren kasuan nola kriminalizatu diren manifestazio eskubidea, defentsa eskubidea edo osasun eskubidea. Egoera zaurgarri honetan, ‘procés’-aren auzian datorren epaiak askatasun eta eskubide murrizketa ezin onartuzko muturrera eraman dezake.

Ziur gaude, zigor-epai bat bada, euskal gizartearen gehiengoak haren aurka erreakzionatuko duela. Oinarrizko eskubideak eta askatasunak babesteko behar beste aldiz mobilizatuko gara herritarrok. Defendatzeko gai bagara soilik izango baitira indarrean.

Baliteke estatu bulegoetan norbaitek pentsatzea zigor-epai batek burujabe izan nahi duten herrietan etsipena barreiatuko duela. Baina, ez; Jordi Cuixartek dioen bezala, “basakeria polizialak ezin izan baditu geldiarazi ehun milaka botoemaile urriaren 1ean, norbaitek uste al du Auzitegi Goreneko epaiak lortuko duela katalanek autodeterminazio eskubidearen alde borrokatzeari uztea?”. Ziur gaude ezetz. Euskal lurraldeetako herritarrok ere ez. Guk ere erabakiaren bidean jarraituko dugu. Etorkizuna gure esku nahi dugulako. Guk libre eta demokratikoki erabakia. Eskoziarrek bezala. Izan ere, alderdi laboristak ere berriki aitortu du, demokratikoki ezin zaiela eskoziarrei ukatu bigarren autodeterminazio erreferendum bat antolatzeko eskubidea. Demokrazia batean, bozkatzea ezin da inoiz delitu izan.

Horregatik, erreferendum bidez erabakitzearen aldeko herri ekimen bat prestatzen eta sustatzen ari da Gure Esku datorren urteari begira. Gure etorkizunaren jabe izateko itxaropenez eta konbentzimenduz. Herri ekimen zabala, askotarikoa, herritarron burujabetza aldarrikatuko duena, gai guztietaz erabakitzeko. Elkarrekin eta auzolanean, borondate uholde geldiezina garela erakutsiko dugu, eta, azkenean, denon artean, posible egingo dugu erabakitzea.