DATOZEN hilabeteetan hautu ba-tzuek baldintzatuko dute Europako sorte eta geroa ez dakigu zenbait urtez. Horietako bat maiatzean eta Frantzian dugu non lehendakaritzarako hauteskundetan Front Nationaleko burua irabazle suerta litekeen. Kontutan harturik ezkerraren eta sozialisten panorama etsigarriak. litekeena da bigarren itzulian Marine Le Pen izan ledin François Fillon-en lehiakide. Sarkozirekin lehen ministro ohiak. primarietan, baita Alain Jupperekin izandako debatean ere, agerian utzi duenez merkatuaren liberalizazio bortitzan dakusa bere programaren ardatza. Horrela katoliko ultraliberal honek eskuin muturrari dohan eman diezaioke gaullismoaren ordezkapena, zein ekonomian interbentzionista eta arlo sozialean paternalista izan ohi baita. Izan ere, irailean Foreign Affairs aldizkarian eginiko elkarrisketa batean Le Penek bereganatzen zituen ildo horiexek bere programarako. Fillonek ordea estatuaren rol publikoa nabarmenki gutxitu nahiko luke, non eta Frantzian, zeinaren Estatuarentzat fun-tzio publikoa eta laikotasuna funtzesko izan baitira. Beraz, ez litzateke sorpresa izan behar, Le Penek irabaziko balu lehen itzulia eta bigarrenean garaile izateko tenorean egongo balitz. Esango nuke %40 baino gehiagoa eskuratzeko ibil daitekeela. Edozelan ere, dardarka jartzeko zenbakietan.
Alemanian ere, hauteskunde federalak egingo dira eta bertan eskuin muturraren gorakada indartsuaren zain daude. Alternative für Deutschland (Alemaniarako Alternatiba) delakoak, daukan jarrera euroeszeptikoan Front Nazional-arekin pareka daitekeelarik, bigarren indarra izateko aukerak ditu eta bere asmoetan eurogunearen disoluzioak du lehentasun. Batek zein besteak eurotik ateratzeko erreferenduma deitzeko nahia erakutsi izan dute eta hau guztiau gutxi ez izanik, Italian ere hauteskundetarako deia gertu liteke, non 5 Izar mugimenduak gehiengo parlamentarioa erdiets baitlezake. Horiek ere, erreferenduma egin nahiko lukete Italia eurotik irtenarazteko. EBren austeritate politikek ekonomia geldotasunera eraman dute eta gizartearengan sortu duten ezinegonak gizendu egin ditu aterabide populista anitz. Ene iritziz, hazkunde ekonomikorik ezean, zeinetarako bestelako paradigma beharko litzatekeen, desintegrazioaren bultzadak ez du etenik izango eta egun Europaren baitan bizi dugun nahasmena bizkortuko da. En plus, Brexit inguruko negoziazioak eta EE.BB. etatik etorriko diren lehendakaritza berriaren oldarkeriak ez diote biderik erraztuko Europar Batasuneko etorkizunari. Orobat, ez dute lagunduko Hungariatik, Herbeeretatik, Polonia edo batek daki nondik ere etor daitezkeen ezusteko hurrenek.
Europar Batasunak, teknokraziaren autokonplazentzian murgildurik eta interes oligarkikoen faboretan, ez die erantzun egokirik eman hainbat erronkei. Urteak joan eta urteak etorri, europearron arazoak, propaganda instituzionalak besterik esan arren metatuz joan dira. Estatukideen arteko batasun politikoa eta elkarrekin erabakitzeko molde demokratikoa ez da handitu, ez barne afeeretan ezta kanpo politiketan ere. Ordea, Estatukideen artean diferentziak gero eta sakonagoak bihurtu dira;. direla errefuxiatuak eta ertz budgetarioak, direla Turkia edo Errusiarekiko harremanak, EBren nora eza agerian geratu da. Hainbat arazotan Batasunaren ahotza totelka ibili dabil, eta estul larriagoan eremu politiko-militarrean: Estatu europearren autonomía OTANen baitan txikiegia delako, eta globalizazioaren garaian indar militarrik gabe, eragin politiko-ekonomikoa motz geratzen delako. Europar Batasuna ez da gauza izan Sobiet Batasunaren desagerpenaren geroztik defentsa eta sistema militar propio gara-tzeko. Aitzitik, Estatu Batuak gai izan dira OTAN birfundatzeko eta hartan duten nagusitasunagatik Europako afeeretan ahotz erabakiorra mantentzeko. Ondorioz, Amerikar intereseek baldintzatu dute, adibidez, EBren jarduera Errusiarekiko edo interbentzio humanitario-inperialisteetan bidaide izatera bultzatu. Mundulo kontsertuan, Europaren ahotzak sotto voce dirau, maíz amerikar esanetara plegaturik.
Europak ez du ere lortu Amerikak duen posizio zentralik arlo monetario eta finan-tzieroetan. Londreseko Citiak erdietsiko lekua lortu izan zuen Wall Street-ekiko duen lotura “extraterritorialagatik”, eta euroaren dimentsioak ez dio heldu dollarrak duen hedapenari sistema globalean. New York-Washington axisean darrai erdiguneak; ez dago lerraturik Brusela-Berlin edo Frankfurtera. Horrez gain, Europar Batasunak indartu egin duen politika fiskalak eta batasun bankarioak kontraesan nabarmenak sortu dituzte estatukideetako populazioetan. Aldi berean, EBko lurraldeetako desoreka areagotu izan da Ipar/Hegoaren eta Mendebaldeko/Ekialdeko herrien artean. Desenkontru horiek kasik ez dute isladarik izan eurogunean baina han dauden asimetriak kolokan ipintzen dute euroaren geroa. Halaber, EBren baitan pilpilean daude barneko arazo territorial batzuk ere, Eskozia eta Katalunia, epe motzean bidea eman liezaioke deritzoten barne hedapenari. Eskoziarentzat Brexit eta Katalunian bizirik dagoen prozesurako 2017 urtea erabakiorra izan daiteke.
Euskal Herriari dagokionez berriak ere datoz Iparraldean sortzeke dagoen mankomunitatetik, zeinak lehen aldikotz egitura instituzionala emango die hiru herrialdei, eta Nafarroa Garaiatik non gobernuak aukera berriak izango baitu gizartean aldaketa errotzeko. Iparraldeko zein Nafarroako egokera berriek erraztuko dute euskal lurraldeen arteko elkarlana. Bestetik, EAEn estatutoaren erreformak hartuko du protagonismoa. Propaganda espainarrak barraiatzen du gurea munduko autonomiarik handiena dela, zail izanagatik ere erregioen artean ganorazko sailkapenik egitea nork duen autonomiarik gorena egiaztatzeko. Eskualdeak egitura diferenteetako Estatuen partaide baitira eta estatu bakoitzak, bere autogobernu subestatalari dagokionez, ezaugarri propioak baititu. Hara, zenbait arloetan Alemaniako Länderrek autogobernu oso zabala dute, esaterako hezkuntza edo kulturan, baina beste eremu batzuetan, fiskalitatean adibidez eskumen nahiko murritza dute Euskadi edo Nafarroaren aldean. Aldiz, egitura federalean Länderrek Senatua kontrolatzen dute eta Bundesrat horrek baditu eskumen zabal eta garrantzitsuak, espainako Senatuak ez dituenak. Bestetik, Belgikan erregioek eta kultur komunitateek nazioarteko eremuan eskumen oso hedatuak dituzte, duela gutxi Cetaren inguruan Walloniak ondo frogatu duenez, baina arlo zibil edo penalean Eskoziaren eskumenak inportanteagoak dira, edo Galesen nazioarteko ordezkaritza arlo sportiboan. Kasuistika oso anitza izanda ere, erreformaren garai honetan eztabaidak kontutan beharko du izan: eskumen asko partekatzen direla europar instituzioekin eta horren bitartez botere zentralek, EBn duten posizioagatik eskumen erregionalak bereganatu izan dituztela, praktikan EBko erabakitze prozeduran erregioek ez dutenez gero apenas parte hartzen, Belgika eta Alemaniako autonomiak salbuespen. Horren ondorioz esan daiteke europar tratatuen bidez mutazio estatutarioak gertatu izan direla inongo erreforma formalik gabe. Bestetik, botere zentralek, dituzten baliabide normatibo eta jurizdikzionalen bitartez, autogobernu subestatalak ahuldu egin dituzte sakonki. Espainian adibidez edo Italian bertan ere, legearen bidez edo konstituzio auzitegiko epaiez autogobernu erregionala jibarizatu dute. Urtetan zehar Euskadiko autonomia, beste gainerako bezala, gutituz eta murriztuz joan da eta “grosso modo” EBkiko deskonekzioan dago, Espainiar instituzio zentralen menpe eta ikusgaitza globalizazioan. Noiz arte ?.