ETB, nora zoaz, nora goaz?
ETBri dagokionez, eredua aldatu beharraren ideia zabal dabil. Beraz, unean uneko egitasmo desberdinak bilatu beharrean gaude. Sortu zen garaiko ikusleen izaera, motibazioa eta egiteak eta egungoak erabat desberdinak direlako.
Ikusle gehiengoarekin konektatzeak sormena eta berriztapena eskatzen du, inguruan ditugun baliabideak erabilitzean beti zerbait berri bilatuz eta erakarriz.
Beraz, laisser fairek ez du sormena areagotuko. Ikuslego eta entzuleen aldetik, garai batean, guztiok funtzionatzen genuen militantziaren zaporeaz, baina, ideologiak eta militantismoak behera egin duenean, irudi eta mezu berrien beharrean gaude, erakarri eta liluratu ginduzketen zerbaiten berriren premian. Bizitza uneoro eraberritzen ari da, eta telebista bizitzaren ispilu dugu.
Ekarpena handia izan duela, ez du inork dudan jartzen, baina berregitea dagokio, beste ainitz gauzetan berregitea dagokigun legez. Eta ETBri pasatzen zaion geldiune eta ikuslegoaren beherakada ez dakit nolabait euskal kulturari orokorrean pasatzen ez ote zaion. Bilboko Arriaga Antzokiko programazio arduradunak eta BBK Aretokoak ere, gauza bera esaten zidaten oraintsu, “euskal kulturaren estrenaldietan, beti gaude jendea etorriko den ez den kezkaturik”, izugarrizko beherakada egin duelako ikuslego euskaldunak edo euskerarenganako ikuskizun zaletuen gustoak.
Ez dugu katastrofista jarri beharrik, egon, egon direlako garai okerrak, baina gogoeta egin beharrean gaude, zihur, zeren, sarritan geurearenganako dugun autokonplazentziak ez digu ikusten uzten benetako errealitatea zein den. Inork gutxik izaten du formula majikorik, eta ez da zaila asmatzea ere; hala balitz!, baina ETBri begira, tresnarik garran-tzitsuenetarikoa izanik, badira aurrera pausuak eman ahal izateko eta berpiztu eta kontutan hartzeko faktoreak: informatiboak baldin badira erakarpen handiena dutenak, eta programazio gehintsuetan ikuslegoaren beherakada nabarmentzen bada, hor aztertu beharreko deskonexioa dago.
Betiko formula berarekin eta beti gauza bera errepikatzen ibiltzeak ez du erakargarritasunik. Eta liluramena, erakartzeko formula berriak aurkitzean datza. Beheranzko abiada somatzen dugunean, okerrena zera dugu: ezertxo ere ez eginez, inoranzko biderik ez hartzea. Geurea babestea ona da baina halako garai antzu eta okerretan, erasoaldia beharrezkoa da, erasoaldi kulturalaz ari na-tzaizue. Erasoaldi kulturalak egin izan dira gurean, nola ez: “Ez dok amairu”ren sorrera, Bertsolaritzaren gorakada, Euskararen babes eta sustapenerako egin diren eta egiten diren atxikimendu handiko ekimenak, EITB beraren sorerra ere. ETB, eragile ez bada ez da ezer.
Aurrerapausoak ematen baditugu ere, globalizazioa, unifomizazioa, inmigrazioa, faktore askotxo ditugu kontra geurea garatzen joateko. Eta jakina, demokrazian multzoak egiten gaitu arrazoidun, beraz, partzelak handitzen joatea izan behar gure egitekoa. Gutxi bagara, handitzen eta gorpuzten joatea izan behar gure norabidea. Apur bat izatetik asko izatera edota Bitoriano Gandiagak zioskun antzera: askotan askoa izatera nola pasa gintezkeen, hor koska!. Eta hor galtzen gara, txikia izanik era askotan irensten gaituzte edota ta okerrago dena, irents gaitzaten uzten diegu, geu izatetik bestea izan nahi horretara pasatuz. Beraz, besteari partzelak nola joan gaitezkeen irabazten! Hor dago gure eginbeharra, gu bestea izan gaitezen baino, bestea guganatzen, bestea gu izan dadin.
Erakartzea dugu gure lana, motibazioak hedatzea eta beti ere, gureak prestigioa duen edota hartzen duen heinean, erakartzeko motiboak izango ditugu eta besteen gugana hurbiltzeko gogoak ere gorpuzten joango dira. Ea ba geureari ekin eta gure mendi loratura erakartzen ditugun oraindik gureak ez direnak ere. Beraz, ETBren kasuan ere, unean uneko formula propioak bilatzea eta bultzatzea derrigorrezkoa zaigu, badira eta sortzaile finak hemen, eta zabal dezatela aukeren esparrua, guztiona bada, guztiok izan dezatela hitz eta guztiok izan daitezela emaile. Ez da erraza, baina bide berriak ondo asmatzea zaila bada ere, bide desegokietatik irtetzea errezagoa eta onuragarriagoa dela uste dut. Dituen baliabideak izanik, programazio interesgarriak sortuz, ausardia falta zaion ustea dut. Eta besteek egiten dutena adibidetzat hartzea ez da izaten onuragarri.
Kanpotik datorkigun berdintasun monolitikoaren hatzaparretan jausi izan gara urteetan, eta hori, “geure” bihurtu dugu. Globalizazioaren hatzaparretan sartuak gaude guztiok baina globalizazioaren hutsalkerietan jaustea baino oker handiagorik ba ote? Eta, ergerlkeria eta fribolitatea bada ere askotxotan telebista ikusten duten gehiengoen nahia, ETBk erakunde publikoa den aldetik, funtzio soziala betetzeaz gain, jorratutako izaera propio bati ezin beharko dio amore eman. Kultura eraikitzearen eta goraipatzearen baloreak beti ere zutabe nagusiak izan heharko lukete bere egitekoan, baina ez dirudi gehienetan hala denik!,
Kultur ekimenek ez dute zertan aspergarriak izan behar. Telebista, denbora-pasa legez hartua da gehientsuetan, eta nekagarri suertatzen den orok ez du baliorik. Beraz, izatekotan ere dibertsiozko heziketaren bizitasunak eta batez ere emozioak eta zentzu emozionala bizten duen orok du balioa. Eta inon egotekotan herrian eta herritarrengan dago bizipena eta emozioa. Bada non arakatu eta hedatu.
Alain Touraine Frantziar soziologo handiaren ustetan, gauden honetatik atera nahi bada, besteenganako konpetentzian baino elkarrenganako kooperazioan legoke gure eginbeharra. Mendebaleko gizarte hau proposamen gabeko isilezko gizakiz burutua dala dio berak. Goitik esaten digute zer egin behar dugun eta beraiek diotena guk aintzakotzat hartu eta beraien erabakiak hartzean datzala gure egitekoa. Galdera da, nola bideratu gure eginahalak, gauden honetan, eta batez ere datozkigun garai berrietan.
Bestetik, gure herrian “keria” askotxo daudela konturatzen gara. Alderdikeria ez bada, norberekeria. Eta gune kulturalak, ergerlak izaterik ez badute nahi, hortik kanpo egon beharko lirateke, zeren, badakigu jakin, alderdikerietan ibiltzeak ez diola batere on egin euskal kulturari. Folklorekeria ere hor dugu, eta kontura bitez behingoz, kultura, folklorea baino gehiago dela.
Nora goaz diot, izenburuko galderan, ETB denon afera delako eta guztiok izan behar genukeelako gure iritziak, ekarpenak edota kritikak ere eskeintzeko beta. Badakigu krisi garai gogorretan sartuak gaudena eta denok pairatzen dugula krisiak ekarritako ondoeza, baina argi dago elkarrenganako beste hartueman sendoago baten jarduera izan beharko genukeela eta pentsakera zabal eta amankonunean oinarritutako egikeran murgildu beharko liratekeela ekimenak. Krisiak, aukerak ere badakartza, jakingo ote da aprobetxatzen eta egoera okerrari aurrea hartzen. Krisiak egitura ahultzea dakar baina era berean asmamena goraltzea. Eta bestetik, elebiduna izateak, batak bestearekin zerikusirik ez duten bi hizkuntza erabiltzeak, ondu eta areagotu egiten du espektroa, ondu eta goraipatu irudimena.
ETBko itsasontziak, bere programazio lanetan, norabide argiz gidatu lezakeen patroi zuhur eta ona behar du, bertako arraunlariak gogoz lanean bat letozkeenak.
Bingen Zupiria kultura sailburu berria dugu eta desirarik onenak opa dizkiot, bera, etxean egona da eta jakingo duelakoan nago ETBko itsasontzi hori maneiatzen eta eraberritzen. Lehenik eta behin, euskal arima kulturala berpiztu beharko du. Badu bai zeregina, sakon eta zabal bideratuz jar ditzala xake partida honetan egoki liratekeen pertsonak eta proiektuak. Aurrerantzako egitasmoa oparoa izan dadin, apustu berrietan sartzea derrigorrezkoa du. “Egur eskarmentadua sugin ona”, Gorbeialdeko esaerak dionez, eskarmentu handiko gizona dugu Bingen. Ea ba guztion onerako asmatzen duen euskal kulturaren bidean!