GURE egunerokoan, normalean, beltzetik, botila erdi hustutik begiratzen diogu errealitateari. Kexatzen gara batzuetan notizia txarrak bakarrik jasotzen ditugulako, baina ariketa egiten hasita ez da erraza gatazka, mina, baztertuak, injustizia jasaten duten gizon-emakume eta haurrez ez hitz egitea. Desberdintasuna sustraitik nagusitzen den gizarte honetan, gizonak eta andreak desberdin egitetik hasten denez, ez da eginahal xamurra bilakatzen baikorra izatea.

Eta gaur bezalako egunetan saiatzen gara horiei guztiei ez ikusiarena egiten eta desio onez gehienetan -eta ez hain onez batzuetan- egunaren marra pasatzearekin, gure aurrean zabalduko den urte berrirako nahi onak barreia-tzen.

Aurtengoa amaitzeko, dena den, albiste on bat dugu esku artean. Ginean, duela bi urte ebolaren epidemiarik larriena sortu zen Afrikako herrialdean, jada ez dagoela gaitzik adierazi du Munduko Osasun Erakundeak. Liberiak eta Sierra Leonak ere lortu dute gaitz larriari aurre egitea.

Orain, laurogeita hamar egunez, oso adi egon beharko dute gorputzeko likido batzuetan denbora guzti horretan mantendu daitekeelako birusa kutsatzeko moduan, baina oro har irabazi egin diote gaitzari.

Milaka pertsona gaixotu dira eta milaka hil bi urte hauetan.

Martxoan edo jartzen hasi ziren txertoa eta badakigu uztailetik eraginkorra dela eta hori ere urrats esanguratsua izan da epidemiari aurre har-tzeko.

Sortzen zaidan zalantza da, ebola Europara iritsi ez balitz, behin eta berriz gogor jo duen Afrikako kontinentean geratu izan balitz, urte luzez gertatu den bezala, merezitako arretarik jarriko ote genion, txertoa izango ote genukeen eta ez ote genukeen beste alde batera begiratuko beste hainbatetan bezala. Hasi naiz botila erdi hutsik ikusten berriz eta baikor amaitu nahi dudanez, Noubia haurrari omenaldi txikia eginez amaituko dut bera izan baita Gineako azken pazientea, paziente ezaguna behintzat eta sendatu dena. Desiorik onenak, Noubia! Zuei guztioi ere bai!