ALPEETAKO hegazkin-istripu izugarriak ia estalita utzi ditu aste honetako beste konturik gehienak, baina esango nuke batzuk garrantzitsuegiak direla ahaztuta uzteko. Adibidez, joan den ostegunean Espainiako Parlamentuak bi lege garrantzitsu onartu zituen: Segurtasun Legea eta Kode Penal berria. Rajoyk ez du inorekin akordiotara iritsi nahi izan kontu hauetan eta nahiago izan du PPren gehiengo osoa erabiltzea eta bere eredua inposatzea, akordiaren izenean bidean puskak uztea baino. Bere ekintzen bitartez argi erakutsi du presidente espainiarrak zer den garrantzitsu eta zer bigarren mailako berak ordezkatzen duen eskuineko ideologia politikoarentzat. Bistan da, segurtasunaren arloan, hiritarren artean era guztietako kezkak nagusitu diren garai honetan, eskuinak agertu nahi duela berme bezala, eta antza denez, horretarako neurri gogorrak hartzea beste proposamenik ez du. Terrorismo-delituen aurrean, kale-giroko “gehiegizko askatasunaren” aurrean edo zernahi eratako biolentziaren aurrean, errezeta bakarra: isunak, Gobernuarentzako ahalmen handiagoak eta bizitza osorako gartzela-zigorra. Segurtasunarekin batera, ekonomiarena izan da Rajoyk gogorren astindu duen beste arloa: liberalismo izugarria ezarri du, eta lan eta gizarte-arloko eskubideen galera itzela. Politikoki, berriz, zentralizazio-prozesu etengabea, eraginkortasun ekonomikoaren izenean. Rajoyk ordezkatzen duen ideologiak sakonetik aldarazi du Estatu espainiarrean eraikitako gizarte-eredu politikoa, eta argi utzi du adostasuna baino garrantzitsuagoa dela bere eredua ezartzea.