Frantzia eta Espainiaren arteko mugan Walter Benjamin filosofo alemaniarrak bere buruaz bertze egin zuen 1940an Portboun. Bere heriotzan laburbiltzen da Europaren tragedia garai hartan. Gestaporen keinaduratik ihesi, Frantziako eta Espainiako erregimen kolaborazionisten eta antisemiten aurrean, mundu basati horri agur egin zion. Irudi bat dela medio, totalitarismo haren kontinentea adierazi zuen: irudikapena aingeru ezeztatzailearena izan zen.
Filosofo juduak 1921ean Paul Klee-ren margolana, Angelus Novus izenekoa, erosi zuen eta bere bizitzan zehar laket izan zuen, kasik talisman eta ikur gisa. Koadro hartan aingeru desitxuratu batek besoak altxa-tzen ditu. Begiak eta ahoa zabal-zabalak, hegalak hedatuak, txunditurik duen zerbaitetik ihes egitear dirudi aingeruak. Historiaren filosofiari buruzko tesiak eskuizkribuan Benjaminek iruzkina bete zuen, non azaltzen digun nolakoa izan zen gertaeren aingerua, jainkorik gabeko denboran. Iraganera aurpegia itzulirik, datu-katea agertzen zaigun lekuan etengabe hondakinak meta-tzen dituen katastrofe bakarra dakusa berak. Aingeruak gelditu nahi luke, hildakoak esnatu eta puskatua batu. Baina paradisutik urakan-ekaitza dator, hain indartsu ezen aingeruak ezin baititu bere hegalak itxi. Ekaitz honek atsedenik gabe bultzatuko du etorkizunera, bizkar emanik, aurreko hondakin-makina bat zeruraino handitzen den bitartean. Erauntsi bortitz hori da aurrerapena deitzen duguna.
Indignez-vous! (Haserretu zaitezte!) izeneko opuskulua ireki zuen Stéphane Hessel-ek Benjaminen aingeru suntsitzailearekin. Ez zen txiripaz izan, Hesselen aita Benjaminen laguna izan baitzen. Biok Marcel Prousten Denbora galduaren bila eleberria alemanera itzultzeko lana hartu zuten. Hala kontatzen digu Hesselek bere manifestu ospetsuan.
Benjaminek bezala, Hesselek ere ezagutu zuen historia ankerraren aingeru suntsitzailea. Bigarren Mundu Gerran, hiru urtez Londresko espioitza eta informazio bulegoetan lan egin ostean, 1944ko martxoan Parisera jin zen espioitza misio sekretu baten baitan. Bere kide bat Gestaporen eskuetan jausi zen ordea, eta torturak ekiditearren berekin hitzordua jartzera konprometitu zen. Hantxe atxilotu zuten, torturatu, eta Buchenwald-eko sarraski esparrura urkatzera eraman. Egun handiaren bezperan, alta, esparruan tifusak hil berri zuen frantses baten identitatea bereganatzea lortu zuen, urkamendia saihestuz. Handik, izen-abizen berriekin, Rottleberode-ko kontzentrazio eremura deportatu zuten, eta ihes egiteko saiakera batean berriz atxilotu ostean, gogorrenetan gogorrena kontsideratuz, Dora-ko esparruan eduki zuten. Handik atera eta Pariseraino heltzea erdietsi zuen alabaina, eta, kasualitateen kasualitatean, Buchenwalden bizitza salbatu zion medikuaren semeak itzuli du Haserretu zaitezte! alemanera.
Hesselen bizitza ez da santuarena izan. Ez da falta izan. Bere bizitza ez da hagiografia batean kabitzen dena. Bere urteak erresistentziako kidearen markak izan dira. Hor datza bere meritua. 93 urte zituelarik, gauza gordin eta zuzenak esatera ausartu zen, amorrua, duintasuna eta ekimena elkartuz. Merezimendu handikoa izan da bere proposamena, non giza eskubideek eta justiziaren borrokek bat egiten baitute, iraganean zein orainean, han eta hemen. Bere irakurketak zubi irmoa eraiki du zaharren oroimenaren eta belaunaldi gazteen grinaren artean, baita Palestinaren egoeraren eta Europaren suntsipenaren artean ere. Horixe da bere indarra, indarkeriarik gabeko arrastoetan.
Erresistentzia oro liskarra da, lazturan erortzeke, hots, terrorismoaren estrategian sartu barik. Hesselek oso ongi aztertu du pasarte batean, Jean-Paul Sartre-ren erranak aipatuz: "Aitortzen dut indarkeria, edozein delarik hura adierazteko manera, porrota dela. Baina porrot saihestezina da, indarkeriazko unibertso batean gaudelako. Eta egia bada ere indarkeriaren kontra indarkeria baliatzeak hura betikotzeko arriskua duela, egia da, baita ere, hura geldiarazteko modu bakarra dela". Sartreren berba hauen aurrean, Hesselek Guillaume Apollinaire-ren "Le pont Mirabeau" olerkiaren lerroa kontrajartzen du: "Itxaropena bortitza baita". Basakeria izateaz gain, terrorismoa ez da eraginkorra izaten, terroristak mundua aldatzeko itxaropena galtzen baitu. Benetako indarra ez dator terrorismotik, itxaropenetik baizik. Itxaropen oro erresistentzia da. Makian borrokatu zuen olerkari batek, René Char idazleak, oso garbi adierazi zuen Hitlerren Frantzia okupatuan: "Résistance n'est qu'espérance". Erresistentzia itxaropena baino ez da. Horrexegatik gure itxaropena isilarazi eta desagerrarazi nahi dute.
Sortzea erresistitzea da. Erresistitzea sortzea da. Bi esaldiok Hesselen manifestuaren azken hitzak dira. Itxaropenez beteriko egia eratzen dute. Demokrazia sortzailea behar dugu, erresistentzia komun berrietan. Erronka ez da erraza izanen, aingeru suntsitzailearen hegalak oso luzeak direlako.