IAKETA hemen gauden? egin dezagun Bilboko Bizkaiera Berrian. Iaketa hemen gauden? azal ditzagun egunotako albiste larriak. Iaketa hemen gauden? esan ditzagun Txanogorritxuren egiak eta bestelako pellokeriak. Iaketa hemen gauden? eman diezaiogun geure buruari gogoeta-astindua.

Hain dira ugariak badaezpadako albisteak.

Iaketa hemen gauden? ikusi ahal izan dut inozoaren lerdokeria, ikusi ahal izan dut pertsona jakin batek une jakin baten ezin duela bere buruaz harantzago ikusi; eta hori guztia ikusi ahal izan dut. Iaketa hemen gauden? ikono bat ukitugabe-izaeraz janzten izan dela eta inor ez dela ausartu bera biluzten ikusi ahal izan dut. Iaketa hemen gauden? jan dezagun begietatik sartzen zaiguna, benetan atsegin dugunari tarterik eman gabe.

Hain dira ugariak gezurrezko berriak.

Iaketa hemen gauden? esan dezagun ekonomia, politika, hizkuntza, gizartea? erlatiboak direla. Iaketa hemen gauden? esan dezagun errealitate horiek guztiak erakusten dizkigutela eta beste ezer ez dagoela. Iaketa hemen gauden? bota ditzagun elikagaiak, jan ezin ditugunak, hiru otordu pasatutxo egin ditugulako, munduko bizilagun guztiak gure moduan biziko balira legez.

Hain dira gozoak sinetsi nahi ditugun gezurrak.

Iaketa hemen gauden? esan dezagun ekonomiak behea jo duela eta, aldi berean, geure bizimodua haren bestekoa dela. Esan dezagun. Iaketa hemen gauden? Bilboko Bizkaiera Berrian esan dezagun Iturritxualde eta Betolaza ez direla berdinak. Iaketa hemen gauden? esan dezagun edonorentzat gauza bera direla ondo bizi izatea eta txarto ibiltzea. Iaketa hemen gauden? esan dezagun estu gabiltzanean are estuago jokatu behar dugula. Iaketa hemen gauden? aldarrika dezagun helburua eta xedea kontu ezberdinak direla.

Hain dira gaziak sinetsi nahi ez ditugun egiak.

Iaketa hemen gauden? onar dezagun askok bizimodua egin nahi dutela gutxi batzuen mesedearen izenean; esan dezagun beharrik ez dagoela horrela dihardutenek horrela jardun dezaten. Iaketa hemen gauden? onar dezagun txarretik datorren guztia ontzat hartu behar dugula eta zoriaren patua dela. Iaketa hemen gauden? onar dezagun ezin dugula ezer egin geure buruaz eta beste batek piztu behar digula arima.

Hain dira gezak egiaztatzen ditugun sinestamenduak.

Iaketa hemen gauden? zelan suertatu dira Hamar Manamenduak? Iaketa hemen gauden? zergatik da Ama Andre Maria Sortzez Garbia? Iaketa hemen gauden? zergatik sinesten dut? Iaketa hemen gauden? zergatik aitortu behar ditut bekatuak? Iaketa hemen gauden? zergatik sinetsi behar dut Jaungoiko bat eta bakarra, zeru-lurren egilea?

Hain dira gazi-gozoak eguneroko egiak.

Iaketa hemen gauden? zein eskubide du gizakume jakin batek beste gizakumeen gainean bere iritzia ezartzeko? Iaketa hemen gauden? zergatik ez gatzaizkio jarkitzen horrela diharduenari? Iaketa hemen gauden? zein oztopo dugu Euskadi munduan berak merezi duen lekuan agerrarazteko? Iaketa hemen gauden? euskaldun zintzo, bakezale, demokrata eta huts batek beti itaun diezaioke bere buruari:

Iaketa hemen gauden? zergatik naiz hemen?