Inork gutxik jarriko du zalantzan euskara batuak hain denbora laburrean egin duen ibilbide luzearen oparoa: hiztun baten premia gehienak asetzerainoko aukeren abaniko bat zabaldu dugu/zaigu.

Premia gehienak idatzi dut eta ez guztiak: lortu dugunak ezin dizkigu lortu gabeak ezkutatu. Defiziten artean bada bat garrantzi handikoa -hiztunona, ezen ez euskara batuarena-, eta adierazkortasunarena da. Ondo moldatzen gara jardun formalenetan -kalean bezala lanean edo Administrazioarekin ere-, baina gure kalakari txinparta atera nahi diogunean hasten dira komeriak. Gatza falta zaigu, gure jardunak ez dauka piperrik, pobreak gara ziri eta ironiarako mantxungetan, eta kontu jakina baita txinpartak gure jarduna suspertzen duela, nonbait bilatu behar txinpart hori. Aukeretako bat, gaztelerara jotzea da, nos funciona de puta madre. Beste aukera bat, estandarretik gehien urrutiratzen den kaleko jerga-edo halako bat muturreraino eraman eta manifan niak baño etzekit zenbat ziaztiken, enteratzenaukenian esateyat bezalakoak idatziz ematea, twitter-en bezala kaleko karteletan, mezuetan, idatzizko hainbat euskarri formaletan (gaztelaniaz, ordea, xuxen-xuxen, RAEk agintzen duen gisa, nahiz ez jakin RAE zer ostiya dan).

Bi jokabideok oso daude hedatuta, ez dakart ezer berririk. Baina jardun horiek artearen hainbat alorretan ezinbesteko bihurtzen direnean, komeria areagotzen da. Bizitza arrunt egunerokoak asko du komediatik, eta komediak dena zor dio bizitza arrunt egunerokoari. Areago: arteak -komedia arte bat da- bizitza imitatzen du. Baina komedia idatzi, antzeztu eta filmatzerakoan, nola jokatu euskararekin? Non topatu gatza, piperra, adierazkortasun aberatsa? Erabileraren logika gupidagabea da: gaztelanian eta kaleko jerga-edo bezalakoetan. Antzerkiak ez al du, ba, bizitza imitatzen? Gainera, begi bistakoa da: aktore batek de puta a puta zapatazo esateak (neuk behin idatzitakoa darabilt, inor lar min ez dadin) irri gehiago eragiten du odolkia ordainetan esateak baino. Eta, bide batez, baita lan gutxiago ere: odolkiak ordainetan espresioa hobetuko duen beste zerbait imajinatzen hastea oso da neketsua.

Utzikeria den, sari bat-batekoa -irria eta txaloa- lehenetsi nahi den, edo jarrera diletante bat den, ez dakit. Baina seinalatzen ditudanak gero eta ugariagoak dira ahozko errepresentazioetan: telebistako fikziozko hainbat saiotan, umeentzako hainbat emanalditan, antzerki- edo zine-klase batean…

Komediak bizitza imitatzen du, ederki, baina bizitzako pasarte komikoenak jasoz. Ez ditu eguneroko bizitzako pasarte baldar itsusienak, eskatologikoenak, gustu txarrekoenak aukeratzen, nahiz ondo jakin horiek eta horrelakoek eragin komiko bat-batekoa lortuko luketela hainbat sektoretan. Zergatik, orduan, erabilera linguistikoaren bizio traketsenetan oinarritu emanaldi jakin baten arrakasta?

Erantzun posible bat: zeharo galdu dugu hizkuntzarenganako sentiberatasuna, baina, lotsaren ordez, algara eragiten baitigu hizkuntzarenganako gure baldarkeria guztizkoak, horixe imitatzen ari gara, oharkabean, fikziozko hainbat emanalditan.