Síguenos en redes sociales:

Euskara irran

Haririk gabeko mundutik atzera begiratu, nondik gatozen pentsatzen hasi, ia-ia miraritzat hartzen dugu gutako askok; niri, behintzat, Larramendik bere gramatikari emandako izenburua, 'El imposible vencido', dakarkit gogora

ASKOTAN esaten dugu, harrotasun puntu batekin, euskara gai izan dela IKTen, informazio eta komunikazio teknologien trena har-tzeko. Orain dela urtebete inguru, Sareko Euskal Gramatika aurkeztu zenean, ni neu izan nintzen azpimarratu zuenetakoa ez dudala ezagutzen beste hizkuntzarik -ez handirik eta ez txikirik- horrelako gramatika sarean eskaintzen duenik. Wikipedia ere aipatzen dugu, zenbat artikulu aurki di-tzakegun euskaraz, zenbat gehitzen diren urtero. Azken berriek diotenez, 120.866 artikulu zituen urte honen hasieran, eta horri beste 11.000 sarrera gehitu zaizkio berrikitan. Munduko hizkuntzen artean, 14. lekuan omen dago euskara, norvegieraren aurretik. Gazteek normaltasun osoz hartzen dute, baina atzera begiratu, nondik gatozen pentsatzen hasi, eta telefono mugikorretako aplikazioak euskaraz izatea, ordenagailuko aplikazioak euskaraz izatea, edo Googlen egotea ia-ia miraritzat hartzen dugu gutako askok; niri, behintzat, Larramendik bere gramatikari emandako izenburua, El imposible vencido, dakarkit gogora. Sarea da gaur hitz magikoa, edozein hizkuntza mundu zabalera hedatzen duena.

Historian zehar, aldatu egin dira hizkun-tzak hedatzeko bideak; zehatzagoa izango litzateke esatea hizkuntza jakin batean sortutako edukiak hedatzeko bideak. Inprenta sortu zen 1450 inguruan; liburu eta idazkien zabalkundeari berebiziko iraultza ekarri ziona. Eskuz egindako kopien ordez, ale mordoa kaleratzeko bidea; askoz leku gehiagotara iristeko aukera. Ehun urte behar izan zituen euskarak hedabide berria bereganatzeko; eta harro esaten dugu 1545ean inprimatu zela lehen liburua euskaraz. Euskara ezin inprima zitekeela ziotenen usteak ustel bihurtuz, El Imposible Vencido izan zen hura ere. Areago, liburu hartako poema baten aldarria bizi-bizirik dago gaur ere: euskara, jalgi hadi plazara, jalgi hadi kanpora, jalgi hadi mundura. Horixe da-eta, azken batean, hizkuntzaren, edozein hizkuntzaren bokazioa, komunikatzeko erabiltzea, ahalik eta gehien hedatzea. Horixe da komunitate batek hizkuntza jakin batean sortzen dituen liburu, poema, kanta eta abarrentzat nahi duena, mundura jalgitzea. Helburua ez da aldatu, horretarako bideak aldatu dira. Orain dela 500 bat urte inprenta izan zen. XXI. mendearen atarian hasita, sarea.

Baina inprentaren eta sarearen artean izan da beste bide bat, oraindik ere indar-tsu dabilena, irratia. Idatzitako hitzak zabaltzeaz gain, ahozkoak ere hedatzeko aukera ematen zuena. Koldo Ordozgoitik oroitarazi digunez "beste berrikuntza ba-tzuk ez bezala, irratia garaian iritsi zen gurera, Euskal Herria eta beste hizkuntzen denbora bertsuan hartu zuen euskarak uhinen bidea". Izan ere 1920a hartu izan da irrati emanaldi antolatuen hasieraren mugarritzat. 1932ko martxoaren 2an hasi ziren euskarazko irrati-emankizunak. Joan den astean ospatu genuen euskal irratiaren sorreraren 80. urteurrena. Joseba Zubimendik eta Ander Arzelus Luzearek bultzatu zuten egitasmoa, haiek izan ziren irratsaio haien sustatzaile, egile; baina, azken batean, Euskal Pizkundearen fruitutzat hartu beharko genuke. Talde haren babes eta konplizetasuna izan zuen; horrexegatik hurbildu ziren mikrofonora Orixe, Lizardi, Elbira Zipitria, Aitzol, Aita Migel Altzo, Hernandorena, Toribio Alzaga eta beste hamaika lagun. Programazio eredu modernoa, izan zuten saio haiek: askotariko gaiak izaten zituzten hizpide, baita medikuaren aholkuak ere. Mikrofono haietara hurbiltzen ziren orduko musikari, poeta, abesbatza, andereño? Txalaparta ere zuzenean jo zen garai hartan irratian. Estropadak zuzenean eman zituen irrati hark. Hitz batean, gerra aurreko euskaldunak asebetetzeko modukoak ziren euskal irratsaio haiek. Horregatik lortu zuten entzule ugari izatea, Euskal Herri osokoak, bereziki Iparraldekoak; horren lekuko dira alde batetik eta bestetik jaso zituzten zorionak, esaterako, Senpereko notario zen Dominique Dufau-renak, edo Sarako Garmendiarenak. Emankizun haien berri xehea gorde zuen idatzirik Joseba Zubimendik eta, familiaren eskuzabaltasunari esker, Koldo Mitxelena liburutegiko funtsen artean dago gaur hori guztia, argazki eta guzti. Tarte laburretan, kapsulatan izan dute honen guztiaren berri Euskadi Irratiko entzuleek, Koldo Ordozgoitiren lan bikainari esker. martxoaren 1ean eta 2an Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunera hurbildu ginenok, zuzenean entzun ahal izan genituen Koldo Ordozgoitiren, Elixabete Garmendiaren eta Inazio Mujika Iraolaren hitzaldiak. Eta jakin-mina duenak, Koldo Mitxelena Kulturuneko liburu bildumako 10. alea osatzen duen 1932/2012. Euskara hegaz: Euskal irratiak 80 urte argitalpenean irakurri ahal izango ditu hiru hitzaldiok, eta baita argazkiak ikusi ere.

Garai hartakoak ordubeteko emankizunak izan ziren, astean behin -asteazkenetan-, iluntzeko zortzietatik bederatziak arte; gerra ondoren, Arrate, Segura, eta, batez ere, Loiola eta Donostiako Herri Irratiek lortu zuten ordu gehiago emititzea. Baina oraindik ere 24 orduak euskaraz genuen amets askok eta askok. Horixe izan zen 1976ko martxoaren 24an lortu zena, ezinezkoa ekinez egitea, beste El Imposible Vencido bat; egun batekoa izan zen, hala da, baina euskal mundua, kulturakoa eta kulturatik kanpokoa, euskaraz espresatzen zen mundua, mikrofonoen aurrera eramatea lortu zuten. 34 urte lehenago Ander Arzelusek eta Joseba Zubimendik egiten zuten bezalaxe.

Deigarria gertatu zitzaidan Elixabete Garmendiak zer esan zuen 1976ko martxoaren 27 hura, 24 orduak euskaraz, hizpide hartuta. Gerra ondorengo "genozidioa" aipatu zuen, "memoria erabat ezabatu zuen genozidioa", gerra aurreko ahaleginen aztarna guztiak desegin eta urratu zituena. 24 orduan zehar egindako mahai-inguruetan ez zen 1932ko irratsaioen aipamenik izan, inork ez zuen haren berririk. 1982ko azaroaren 23an ekin zien Euskadi Irratiak bere emanaldiei; sei urte lehenagoko ametsa, egun batean behintzat mamitu zena, eguneroko kontua izango zen handik aurrera. Gaur arte.

Egia da ilunpean zegoela, galdua, irratsaio haien memoria. Baina hizkuntzak gorde du Joseba Zubimendi eta Ander Arzelusek egindako lan bikainaren memoria. Jakin ez arren, euskarazko emankizun haien uzta eta ondare da irrati hitza. Ederki asko azaldu zuen sorreraren nondik norakoa Joxe Zabala Arana Narbaiztarrak orduko Argia astekarian: "Irratizkina zer dan? Ara, esango dizut, ene irakurle. Irratizkina, erderaz radio-emisor, ari-gabeko urrutizkina dezu". Eta hitza, 1916an Ixaka Lopez Mendizabalen hiztegian agertu zela esan ondoren, hauxe gehitzen zuen: "Radio euskeraz esateko asmatu ere ezin daiteke itz egokiagorik; nekazariak azia irran ereiten dun bezala, irratizkinak ere itza irran alde guztietara zabaltzen bai du". Garai hartako terminoak gorde ditu, beraz, euskarak: irrati, irratsaio, irrati-entzule, edo irragin 'emisorea', irragin-gai 'transmisorea', irratola 'estudioa', gaur erabiltzen ez ditugunak.

Lehen irratsaioan, honako bertsoa bota zuen Joseba Zubimendik: "Ua, ua emendik, otsa / abill azkar, pizkor, abotsa! / Gure izkuntzan agur laztana, / ludiko euskeldun danorengana, / ortze dijua / Ua? ua?!". Haririk gabeko telegrafia izan zen irratia, ahotsa uhinen bidez hedatzen zuena. Gaur, zuntzaren eta sateliteen bidezko telegrafia dugu sarea, eta badugu euskarazko irratia saretik entzuteko aukera. Euskarria bat edo beste izan, apustua bat eta bera da 1545etik hona: hitza eta letra, euskaraz, mundu osora hedatzea, euskara jalgi hadi mundura aldarria hezurmamitzeko bidea egitea.