Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC), Zuzenbidea, Ekonomia edo Enpresa arloetan unibertsitateko gradu-titulazioa, lizentziatura edo baliokidea duten pertsonek beka bat lortzeko aukera izango dute. Zehazki, Lehiaren Euskal Agintaritzak (LEA/AVC) beka-deialdia egin du 2021ean erakundearen jardun-esparruetako berezko gaietan lanbide-heziketa osatzeko.

Gaur EHAAn argitaratuko diren bekei esker, esleipendunek, LEA/AVCren berezko jarduera-eremuetako prestakuntza teoriko-praktikoa jasoko dute, zehapen-espedienteak izapidetzea eta lehia sustatzeko txostenak egitea, besteak beste.

LEA/AVCko langileekin batera, lehia-espedienteen dokumentazioa aztertzen, jurisprudentzia analizatzen eta biltzen, eduki juridiko-ekonomikoko txostenak egiten eta araudia aztertzen hartuko dute parte. Era berean, hainbat espediente mota izapidetzen lagundu ahal izango dute (hala nola administrazioko zehapenekoak, aurkaratzekoak eta bide judizialeko defentsakoak). Gainera, prestakuntzarako egokitzat jotzen diren jardunaldietara eta jardueretara joan ahal izango dira.

Lehenengo deialdi honetan gehienez bi beka emango dituen prozesua norgehiagoka-prozedura bitartez ebatziko da. Horretarako, aurkeztutako eskabideak alderatuko dira, haien arteko hurrenkera deialdian ezarritako balorazio-irizpideen arabera ezartzeko.

Deialdi hau LEA/AVCk lehiaren sustapena bultzatzeko duen helburuaren barruan sartzen da, eta, aldi berean, unibertsitateko ikasle eta graduatu berriek erakundearekin harremanetan jartzen diren eta bere egoitzan prestakuntza-praktikak egiteko aukera duten ikasleen eskaera zuzenei erantzuna ematea du helburu. Informazio guztia eskura dago LEA/AVCren webgunean.