Urteko lehen hegaluzeak porturatu zituen atzo “Gaztelugatxeko Doniene” ontzi pasaitarrak Avileseko portuan. Hiru bat aste egin ditu arrantzan Atlantiko itsasoan, Azores uharteen ipar ekialdean, baina harrapaketak ez dira onak izan. Izan ere, mila kilo baino ez dituzte arrantzatu hainbeste egun itsasoan egin eta gero. Kanpainako lehen hegaluzearekin urtero gertatzen den bezala, Asturiasko enpresa batek diru asko ordaindu du arrain handienak eskuratzeko. 350,60 eurotan erosi dituzte laurogeita hamaika kilo eta hamabost eurotan beste hirurehun kilo. Gainontzeko seihun kiloak merkeago saldu ziren.

Aurtengo hegaluzearen arrantzaldiaren hasierak ez du arrantzaleen aurreiskupenak bete. Aurreko urtean arrain asko aurkitu zuten lehen itsasotean eta harrapaketak onak izan ziren. Ondorioz, aurten inoiz baino ontzi gehiago abiatu dira Azoreetarantz maiatzaren erdialderako baina emaitzak ez dira onak izan, ez dute-eta arrain askorik aurkitu. Ontziek itsasoan jarraitzen dute hegaluze sardak non eta noiz agertuko zain.

Beste alde batetik, antxoaren arrantzaldia sarratu egin du Espainiako gobernuak, lehen sehilerako ezarritako kuota arrantzatuta dagoelako. Kantauriko flotak 24.000 tona inguru harrapatu ditu kanpaina martxoaren 1ean hasi zenetik, urteko kuotaren %90 gutxi gora behera. Gainontzekoa, bigarren seihilekoan harrapatzeko gordetzen dute. Beraz, uztailaren lehen egunera arte debekatuta dago antxoa arrantzatzea Kantauri itsasoan.

Kuota guztia arrantzatuta, ezin da esan kanpaina txarra izan denik euskal flotarentzat. Kontua da, arrantzaleek nahi baino antxoa handi gutxiago harrapatu dutela. Arrantzaldiaren amaierara arte harrapatutako arrain gehiena tamaina ertainekoa edo txikikoa izan da eta ondorioz prezioa be ez da altua izan. Azken asteetan, ordea, ontziek antxoa handia arrantzatu dute Asturiasko uretan eta arrainaren prezioak nabarmen egin du gora.