Bokartaren arrantzaldia ixtea erabaki du Espainiako gobernuko Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2020 urterako kuota agortzear dagoela ikusita. Kantauri itsasoan bokarta arrantzatzeko baimenduta dauden 210 ontziek ezingo dute arrain gehiago harrapatu gaur eguerdiko 12etatik aurrera. Hortik aurrera, aurretik arrantzatutako arraina porturatzeko aukera besterik ez dute izango.

Gogoratu behar da Espainiako banderapean arrantzan ari diren ontziek 25.509 tona harrapatzeko aukera izan dutela aurten. Normalean, kuota horren zatirik handiena urteko lehen seihilekoan harrapatu izan dute, martxoaren 1etik ekainaren 30era. Aurten, ordea, Gipuzkoa, Bizkaia, Kantabria, Asturias eta Galiziako ontziek uste eta nahi baino goizago amaitu zuten udaberriko kanpaina, itsasoan aurkitzen zuten antxoa gehiena gaztea zelako eta arrain horren prezioa eskasa zelako enkantean. Aurreko urteetan kuota guztia arrantzatu bazuten ere, aurten %35 baino gehiago harrapatu gabe utzi zuten.

Kantauriko baxura flotako ontziak hegaluzearen arrantzaldian aritu izan dira abuztuaren azken astera arte, Espainiako gobernuak kanpaina bukatzeko agindua eman zuen arte. Hortik aurrera, ontzi batzuk Galiziako kostaldera joan ziren bertan tamaina handiko antxoa aurkitu zutelako. Euskal ontzi gehienek mendebalderantz egin zuten bokartaren bila eta Asturiasko kostaldean ekin zioten arrantzatzeari. Izan ere, arrain ugari aurkitu zuten Asturiasko kostaldetik hurbil. Egunero 8.000 kilo -eguneko topea- harrapatu eta Avilesen edo Gijonen saldu dute antxoa azken asteetan.

Harrapatutako arrainari dagokionez, tamaina ertainekoa izan da, kiloko 45-50 alekoa. Enkantean, arrain gehiena gutxieneko prezioan saldu da, 70 zentimotan hain zuzen ere. “Egia esateko, prezio horrekin arrantzaldia ez da oso errentagarria guretzat. Kontua da, urteko sasoi honetan, hegaluzearen arrantzaldia itxita, ez dugula aukera handiegirik” adierazi du euskal ontzi bateko patroiak.

Coronavirusak eragindako osasun krisiak goitik behera baldintzatu du aurtengo antxoaren arrantzaldia. Ontziak inoiz baino beranduago atera ziren itsasora eta ordurako arrain sardek mendebalderako bidea hartua zuten. Ondorioz, 1.500 tona inguru baino ez ziren saldu enkantean euskal portuetan ekainera arte, aurreko urtean baino 11.500 tona gutxiago. Euskal arrantza-ontziek harrapatutako kopurua 4.500 tonakoa izan bada ere, zatirik handiena Asturias eta Kantabriako portuetan lehorreratu zituzten. “Aurtengo kanpaina ez da ona izan guretzat. Alde batetik harrapaketak beste urte batzuetan baino urriagoak izan dira eta bestetik, arrainaren prezioa ere ez da ona izan” azaldu dute baxura sektoretik. Antxoaren batez besteko prezioa 1,32 eurokoa izan da urteko lehen seihilekoan.

kezka

Kantauri itsasoan antxoa asko aurkitu arren, euskal arrantzaleak kezkatuta daude azken hiru-lau urteetan arrain handi gitxi arran-tzatu dutelako.

“Ez dakigu zergaitik baina azken kanpainetan arrantzatu dugun antxoa gehiena tamaina ertainekoa izan da eta ez dugu ia antxoa handirik aurkitu. Ez da urte bakar bateko kontua eta kezka handia sortzen digu. Zenbat eta antxoa handiagoa izan orduan eta garestiago saltzen da enkantean” azpimarratu dute Bizkaiko kofradietatik. Hegaluzearen eta antxoaren arrantzaldiak itxita, euskal arrantzaleek ez dute aukera handirik urteko azken hiruhilekorako.

“Gauero itsasoratuko gara aurki-tzen duguna arrantzatzera, txitxarroa, makarela, agin-zorrotza edo dana dalakoa” dio patroi batek. Litekeena da, uraren tenperatura hoztearekin batera sardinaren arrantzaldiari ekitea Frantziako uretan, zortzigarren B esparruan hain zuzen ere. Urte batzuetan, arrantzaldi hori oparoa izan bada ere, beste batzuetan harrapaketak urriak izan dira, iaz gertatu zen bezala. Iraganean geratu dira urteko sasoi honetan euskal ontziek Kanariar irletako uretan eta Atlantikoan egiten zituzten arrantzaldiak.