BILBO. Eusko Jaurlaritzak 125 milioi euro bideratuko ditu enpresen I+G laguntzeko. Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Teknologia eta Estrategia Zuzendaritzak sustatuta, Eusko Jaurlaritzak 87 milioi euroko gastua onartu du HAZITEK programarako. Programa horrek bi babes-ildo biltzen ditu: lehia-izaerako I+G proiektuak babesteko ildoa eta I+G proiektu estrategikoak garatzeko ildoa.

Programaren azken helburua da euskal industria enpresa-arloko I+Garen bitartez sendotzea eta, era horretan, euskal produkzio-sarearen lehiakortasun globalean modu erabakigarrian laguntzea eta eragin ekonomiko esanguratsua izateko moduko ahalmena izango duten emaitzak sortzea, Euskal Autonomia Erkidegorako estrategikoak diren espezializazio-esparruak eta I+Garen barruan merkatutik hurbilen dauden faseak ardatz izango dituen babes baten bitartez.

Lehia-izaerako I+G proiektuak babesteko ildoaren xedea da produktu berriak garatzeko zein oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriak abiarazteko proiektuak sustatzeko laguntzak ematea. I+G proiektu estrategikoen garapena babesteko ildoari dagokionez, proiektu horiek enpresa-lidergoan oinarrituta eta Euskal Autonomia Erkidegoko ahalmen zientifiko-teknologikoak baliatuta sortu dira, eta lankidetzan edota bereziki Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2020 Planaren espezializazio-esparruetan egin behar dira.

Laguntzen hartzaileak enpresak (enpresa handiak eta ETEak), enpresa taldeak eta enpresa-elkarteak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko agente egiaztatuak izango dira.

SPRI Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Unitate Estrategikoaren bidez esku hartzen du erakunde laguntzaile gisa, eta proiektuak jaso, erregistratu, ebaluatu eta kontrolatzeko lanak egiten ditu. SPRIk eskaerak banatu eta biltzeko gunearen zerbitzua ere eskaintzen du, baita programaren beste alderdi batzuei buruzko informazio-zerbitzua ere, Eusko Jaurlaritzaren eta SPRIren arteko lankidetza-hitzarmenaren arabera.

Programa arautzen duen aginduari jarraikiz (2017ko urtarrilaren 31ko agindua, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena), izapidetzeko prozedurak bi fase bereizi ditu: proiektuak hautatzeko fasea eta laguntzak emateko fasea.

Aurtengo programan, deialdiko guztizko zenbatekotik (87.191.230 euro), 39.191.230 euro lehia-izaerako proiektuak finantzatzeko bideratuko dira, eta 48.000.000 euro proiektu estrategikoak finantzatzeko.