- Kantauriko baxura flotako ontziek bertan behera utzi dute bokartaren arran-tzaldia eta ez dira berriz itsasoratuko datorren astelehenera arte. Aurreko astean tamaina oneko arraina harrapatu bazuten ere, azken egunetan antxoa gaztea baino ez dute aurkitu itsasoan eta honen kotizazioa oso eskasa da enkantean.

Gauzak horrela, arrantza jardunaren errentagarritasuna kolokan dagoela ikusita, antxoaren arrantzaldia etetea erabaki du aurtengo bokartaren kanpainaren kudeaketarako sortutako batzordeak.

Ontziak lotuta egongo dira portuan -antxoa ez ezik beste edozein espezie arrantzatzea ere debekatu egin dute- datorren astelehenera arte eta datozen egunotan kudeaketarako batzordeak egoera aztertuko du. Litekeena da neurri berriak hartzea hurrengo asteetarako: Besteak beste, ontzi bakoitzaren eguneko harrapaketa muga jaistea eta arrantzatu daitekeen antxoaren gutxieneko tamaina handitzea.

Inoiz baino beranduago ekin dio aurten Kantauriko flotak antxoaren kanpainiari. Covid-19 birusak eragindako osasun-krisiak sortutako salbuespenezko egoeraren aurrean, inguratze sarea erabiltzen duten ontziak apirilaren 20an hasi ziran antxoa harrapatzen. "Itsasoa antxoaz beteta dago baina arrain gaztea baino ez dugu aurkitzen", adierazi du Bizkaiko patroi batek.