Bokartaren arrantzaldiak hasiera gazi-gozoa izan du euskal arrantzaleentzat. Ontziek arrain asko aurkitu badute ere, ez da ondo saldu enkantean, antxoaren tamaina nahi baino txikiagoa delako. Azpimarratzekoa da, Gipuzkoa, Bizkaia eta Kantabriako portuetan aste honetan saldu dan arrainaren zatirik handiena eurotik beherako prezioan saldu dela kiloa. Arrantzaleak kezkatuta daude, antxoa horren merke salduta, euren jardunaren errentagarritasuna kolokan dagoelako. Izan ere, arrain partida batzuren kotizazioa hogei zentimotik beherakoa izan da. Egoera horri aurre egiteko, Kantauriko kofradiek gutxieneko prezio bat ezarri dute antxoarentzat. Gauzak horrela, kiloko hogeita hamar eta berrogeita hamar ale bitarteko arraina ezingo da saldu 1,20€ baino merkeago. Prezioari langa horren gainetik eutsi ahal izateko, Europako Batzordeak aurreko astean onartu zituen dirulagun-tzak erabiliko ditu Kantauriko baxura sektoreak.

Santoña eta Laredo izan dira antxoa kanpainaren lehen astean arrain gehien jaso duten portuak, harrapaketak bertatik hurbil gertatu direlako. Euskal portuetan, Ondarroa, Getaria eta Hondarribian sartu dira partida handienak. 400.000 mila kilo inguru saldu dituzte Gipuzkoako portuetan eta 160.000 kilo Bizkaikoetan, ia guztiak Ondarroan. Batez besteko prezioari dagokionez, eurotik behera saldu zan lehen egunetako antxoa baina goranzko joera izan zuen azkenetan. “Asteko lehen egunetan arrain txikia harrapatu zen Kantabria aldetik eta prezioa asko jaitsi zen. Hurrengo egunetan, berriz, gure ontziek arrain handiagoa ekarri dute Frantziako uretatik eta prezioak hoberantz egin du, zertxobait baino izan ez bada ere. Ea hurrengo egunetan antxoa handia aurkitzen dugun” adierazi du Eugenio Elduaienek, Gipuzkoako kofradietako presidenteak.

Urteko arrantzaldirik garrantzi-tsuenetakoa da antxoarena Kantauriko baxura flotako ontzientzat. Aurten, inoiz baino beranduago hasi dute kanpaina, Covid 19 birusak eragindako osasun-krisiak sortu duen salbuespenezko egoeraren ondorioz. Horretaz gain, ontzi bakoitzaren eguneko harrapaketa topea murriztea erabaki zuten arrantzaleek, bokarta hobeto saldu dadin, merkatuaren egoera berezia kontuan izanda. Zoritxarrez, baina, hartutako erabaki guztiek ez dute lortu sektoreak nahi zuen efektua eta bokarta oso merke saldu da arrantzaldiaren lehen astean.

Kantabriako uretan harrapatu zuten ontziek denboraldirako lehen antxoa. Harrapaketak onak izan ziren arren, arraina ez zen ondo saldu tamaina txikikoa zelako. Bikaina freskotan jateko baina balio gabekoa kontserbarako. Freskotarako merkatuak ezin du hainbeste arrain hartu eta ondorioz bokartaren prezioa asko jaitsi zen. Partida batzuk hogei zentimotik behera saldu ziren Santoñan astelehen iluntzean.

Asteartean ere gauza bera gertatu zela ikusita, euskal ontziak arrain handiagoaren bila abiatu ziren Frantziako uretarantz. Baporak Arcachon ingurura arte heldu ziren, euskal kostaldetik 70 itsas milataraino. “Gas oil asko gastatu dugu aste honetan baina irabaziak ez dira onak izan. Kantabria aldetik hasi ginen baina arrain txikia baino ez genuen aurkitu handik eta oso merke saldu zen. Frantziako uretarantz egin genuen hurrengo egunetan eta bertan ere ez dugu arrain handirik aurkitu, ertaina baino. Gauzak aldatzen ez badira, txarto ikustekoak gara” adierazi du Igotz Garateak, Lekeitioko Kalamua Bi ontziko patroiak.

1,29 eurokoa izan zen bokartaren batez besteko prezioa aurreko urtean eta orduan be arrantzaleek ez zuten arrain handi askorik porturatu. Nolanahi ere, tamaina ertaineko bokarta aurten baino hobeto saldu zen. “Aurreko urteetan tamaina ertaineko antxoa asko erosi zuten enpresa ba-tzuk, Marokora eraman eta bertan lantzeko, azken produktua Espainiako merkatura itzuli aurretik. Aurten, ordea, enpresa horiek antza ez dute Kantauriko bokartik behar eta prezioa merketu egin da nabarmen” azaldu du merkaturatze sektoreko arrain erosle batek.

Arrantzaleek ez dute itxaropena galtzen eta berriz itsasoratuko dira bihar goizean. “Aurreko astean gertatu dena ikusita, panorama makala dugu aurretik. Itsasoan, baina, gauzak aldatu egin daitezke egun batetik bestera. Orain arte aurkitu dugun antxoarik handiena berrogei ale ingurukoa izan da. Itxaron dezagun aste honetan antxoa handia azaleratzea eta prezio ona lortzea enkantean, horixe behar dugu-eta” dio Kalamua Bi ko patroiak. “Ur azalean antxoa gaztea bakarrik aurkitu badugu ere, baliteke arrain handia hondoan egotea eta datozen egunetan azaleratzea. Batek daki” gaineratu du lekeitiarrak.

Beste alde batetik, Covid 19 birusak eragindako osasun-krisiak sortu duen salbuespenezko egoerak eragin zuzena du arrantza flotaren jardunean, ontziak portura sartzen direnean batez ere. Izan ere, kofradiek protokolo zorrotzak jarri dituzte martxan eta arrantzaleek zein arrain erosleek arau zehatzak bete behar dituzte. Oraingoz behintzat, ez da positiborik egon baxura flotako ontzietan. Datorren astean Covid 19 antzemateko kontrolak egingo dizkie ontzietako arrantzaleei.