bermeo - Kantauriko baxura flotaren eta Frantziako Atlantikoko flota pelagikoaren ordezkariek akordioa adostu dute datorren udabarriko antxoaren arrantzaldirako. Gipuzkoako, Bizkaiko, Kantabriako, Asturiasko eta Galiziako kofradietako arduradunek batzarra izan zuten atzo Getarian Frantziako flota pelagikoaren ordezkariekin 2020ko bokartaren kanpainari buruz hitz egin eta alde bien arteko akordio bat lortzeko asmoz. Izan ere, azken hamar urteetan indarrean izan den ituna bertan behera uzteko asmoa agertu dute frantziarrek euren interesentzat kaltegarria zela iritzita.

Alde biek akordioa berrizteko asmoa agertu dute Getarian eta azkenean ados jarri dira. Nolanahi ere, Kantauriko flotaren ordezkariek ez dute adostutako akordioari buruzko argibiderik eman nahi izan. "Bi aldeek akordioa lortzeko asmoa agertu dugu baina oraingoz ezin dugu ezer zehaztu, Espainiako eta Frantziako administrazioekin hitz egin arte, sektoreen artean adostu duguna zuzen dagoela berretsi arte", adierazi dute euskal baxura flotako iturriek.

Bizkaiko Golkoan flota bik bakarrik arrantzatzen dute antxoa: Espainiako banderapean ari diren Kantauriko ontziak eta Frantziakoak. Urteko harrapaketa mugaren %90a Espainiako flotari dagokio eta %10 Frantziakoari, Europako arrantza politikan jasotako egonkortasun erlatiboaren printzipioaren arabera. Aurreko mendeko 80. hamarkadaren erdialdean Frantziako flota pelagikoa garatu zenetik, mugaren alde bietako ontzien arteko elkarbizitza istiluz beteta egon da, sare pelagikoen erabilerak kalte zuzena eragiten diolako Kantauriko ontziek inguraketa sarea erabiliz egiten duten jardunari. 1994. urtean istilu gogorrak gertatu ziren Bizkaiko Golkoan.

bilboko akordioa 2009. urtean akordioa adostu zuten Bilbon egindako bileran. Haren arabera, Fran-tziako ontzi pelagikoak ez ziran itsasoratuko ekainaren 1era arte eta Kantauriko flotako ontziak bakarrik arituko ziren antxoaren arrantzaldian martxoan, apirilean eta maia-tzean. Horren truke, Espainiako flotak kuotaren zati bat eman zion Frantziakoari eta hegaluzearen kanpainan Arcachon inguruan beita bizia arrantzatzeko aukera jaso zuen. Akordio honek bakea ekarri zuen Bizkaiko Golkora. Azken urteetan, ordea, antxoaren arrantzaldia ez da errentagarri gertatu Frantziako pelagikoentzat. Izan ere, ekainaren 1ean itsasoratuta antxoa gaztea baino ez dute aurkitu itsasoan eta merkaturatzeko orduan lortu duten errentagarritasuna urria izan dela argudiatu dute. Hori dela eta, datorren kanpainan pelagikoek ez dute ekainera arte itxaron nahi antxoa arrantzatzen hasteko eta Europako legediaren arabera ez lukete oztoporik izango martxoaren 1etik aurrera itsasoratzeko. Hori bai, Kantauriko flotarekin akordiorik izan ezean ez lukete kuota gehigarririk izango.

Kantauriko flotak eta Frantziakoak lortu duten akordio berri honetako oinarriak, duela hamar urteko berberak dira: Arrantzan egiteko egutegi bat zehaztu flota biak itsasoan batera ahalik eta denbora gutxien egon daitezen; eta floten arteko kuota laga-tzea. Zutabe bi horietan oinarrituko da balizko edozein hitzarmen.

Beste alde batetik, elkarbizitzarekin, antxoaren komertzializazioarekin eta harrapaketa mugekin zer ikusia duten arloak ere aztertu beharrekoak dira flota bien artean. Izan ere, Bizkaiko Golkoan arrantzatzen den antxoa guztia, harrapatzen duen flota edozein dela ere, Espainian merkaturatzen da.