BILBO. Euskal AEko industria-produkzioa % 3,6 igo zen 2019ko azaroan, aurreko urteko hilabete berarekin konparatuta, Eustatek landutako datuen arabera. 2019ko lehen hamaika hilabeteetako balantzea %1,1eko hazkunde metatuarekin itxi da, 2018ko aldi beraren gainean.

Aurreko hilabetearekin alderatuta (2019ko urria), Euskal AEko industria-produkzioa egonkor mantendu zen (%0,0), urtaroko eraginak zuzendu ondoren.

2019ko azaroko indizearen bilakaerak, 2018ko azarokoarekin alderatuta, emaitza desberdinak izan ditu industria-sektore handietan, norakoaren arabera. Ekipoko Ondasunak %11,00 igo dira, Bitarteko Ondasunak %1,1 eta Kontsumoko Ondasunak, oro har, %0,8. Azken horien barruan, Kontsumoko Ondasun Iraunkorrak %4,1 igo dira, eta Kontsumoko Ondasun Ez-iraunkorrak, berriz, ez dira aldatu (%0,0). Energia, azkenik, %2,9 jaitsi da.

2019ko azaroko hilabete arteko aldakuntzak, 2019ko urriarekiko, zeinu positiboa du Ekipoko Ondasunen sektorean (%2,1 hazi da) eta Bitarteko Ondasunenean (%0,8 igo da). Alderantzizko zentzuan, Energia %7,8 murriztu da, eta Kontsumoko Ondasunak, oro har, %0,5; izan ere, Kontsumoko Ondasun Ez-iraunkorrak %1,5 jaitsi dira, eta Kontsumoko Ondasun Iraunkorrak %4,0 hazi.

Euskal AEko industrian pisu handiena duten sektoreen artean, 2019ko azaroan urte arteko hazkunderik handienak izan dituztenak hauek dira: Garraio-materiala (%22,6), Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%3,6) eta Metalurgia eta Produktu metalikoak (%2,6).

Aitzitik, urte arteko beherakadak gertatu dira sektore garrantzitsu hauetan: Elikagaien, edarien eta tabakoaren industriak (urtetik urtera %1,6 gutxiago) eta Zura, papera eta arte grafikoak (%1,3 gutxiago).

Lurraldearen arabera, Industria Produkzioaren Indizearen urte arteko bilakaera positiboa izan da hiru lurraldeetan: Araban %4,9 igo da, Bizkaian %3,5 eta Gipuzkoan %2,9.