bermeo - Europako Batasuneko Nekazaritza eta Arrantza ministroek 2020. urteko harrapaketa mugak ezarri dituzte egun biko ba-tzar luzearen ostean. Kantauriko legatzari dagokionez, Europako Batzordeak %18ko jaitsiera proposatu bazuen ere, 5,5%eko murrizketa adostu dute ministroek. Gauzak horrela, 2020. urteko kuota 5.600 tonakoa izango da Kantauri itsasoan, aurreko urtean baino 324 tona gitxiago. "Kontutan izanda Europako Batzordeak ia %20ko murrizketa planteatzen zuela, orokorrean esan genezake arrantza ministroek lortutako akordioa ez dela txarra gure flotarentzat. Murrizketa guztiak ez dira onak baina ez dugu ahaztu behar mahai gainean zegoen proposamena askoz gogorragoa zela" adierazi du Leandro Azkue, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendariak.

Iparraldeko legatzari dagokionez (Frantziako plataforma, Gran Sol eta Irlandako urak) datorren urterako harrapaketa mugak jaitsiera nabarmena izango du, %20 ingurukoa hain zuzen ere. Europako Batzordeak biologoen ikerketak aztertu ondoren egindako proposamena onartu dute Europako arrantza ministroek. "Jaitsiera nabarmena adostu dute iparraldeko legatzarentzat baina hasiera batean ez du eragin handirik izango gure altura flotarentzat. Izan ere, aurten gure ontziek zein espainiarrek ez dute kuota guztia arrantzatu" azaldu du Azkuek. Beste alde batetik, txitxarroaren kuotak %40,7ko murrizketa izango du Kantauri itsasoan, Europako Batzordearen proposamenarekin bat etorriz. 10.015 tona arrantzatu ahal izango dituzte, aurten baino ia 7.000 tona gutxiago. "Hauxe da Europako arrantza ministroen batzarretik ateratako albisterik txarrena. %40koa jaitsiera handia da eta gure baxura flotako ontziek, trainarekin ari direnak, nabaritu egingo dute".

Txanponaren beste aldean, Bruselak berretsi egin du berdelaren kuotaren igoera. Datorren urtean, euskal arrantzaleek aurten baino %41 gehiago arrantzatu ahal izango dute. Kantauriko flotaren kuota 34.708 tonakoa izango da, aurtengoa baino 10.100 tona gehiago. "Berdelaren kuotak igoera nabarmena izango du datorren urtean biologoen egindako azken azterketek stockaren egoera ona berretsi dutelako. Igoera hori aurten bertan egitea eskatu genuen baina ezinezkoa izan da. Berdelak garrantzi handia hartu du gure flotarentzat eta kuotaren igoera albiste pozgarria da inolako zalantzarik gabe" nabarmendu du Leandro Azkuek.

Azkenik, bokartaren harrapaketa mugak murrizketa txiki bat izango du, %3koa. Kantauriko flotaren kuota 28.702 tonakoa izango da 2020an, aurten baino 1.000 tona gutxiago. "Bagenekien murrizketa bat egongo zela eta ez gaitu ezustean harrapatu. Udaberrian antxoaren biomasaren azterketak oso emaitza onak eman zituen arren, irailean egindako Juvena kanpainaren emaitzak ez dira guk nahi bezain onak izan. Kudeaketa plan bat dago antxoarentzat eta horren arabera jaitsiera txiki bat adostu dute datorren urterako" adierazi du Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak.

2020rako adostutako TAC eta kuotak indarrean egongo dira Erresuma Batuak datorren urtean Europako Batasuna uzten badu ere. Edozein kasutan, eutsi egiten zaio Europako flotak Erresuma Batuko uretara sartzeko akordioari, bai eta Erresuma Batuaren eta Europako estatuen arteko egungo kuota banaketari ere. Hala, aurreikusita dago 2020an zehar Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren arteko negoziazioa, 2021. urtetik aurrerako arrantza arloko harremana zehaztu ahal izateko.