BILBO. 2019ko urrian, EAEko industria-produkzioaren datuak ez dira batere onak izan. Izan ere, % 0,2ko jaitsiera jasan du sektoreak irailako datuekin konparatuz. Hots, iazko hilabete berberarekin konparatuz, % 0,6 igo da jarduera. Balantzeak guztira % 0,8ko igoera erreflexatzen du.

2019ko urriko indizeak 2018ko urrikoaren aldean izan duen bilakaerak emaitza positiboak izan ditu industria-sektore handietan (xede ekonomikoaren arabera), bitarteko ondasunetan izan ezik, haien indizeak % 3,1eko beherakada izan baitu. Bestalde, energiaren indizeak % 14,2ko igoera izan du, eta ekipamendu-ondasunen eta kontsumo-ondasunen indizeek, berriz, % 0,9koa. Azken horien barruan, kontsumo ez-iraunkorreko ondasunek % 2,4ko igoera izan dute, eta kontsumo iraunkorreko ondasunek, berriz, % 4,8ko jaitsiera.

2019ko urriaren eta 2019ko irailaren arteko hiletik hilerako aldakuntzak joera bera izan du sektore horietan, baina negatiboa izan da kasu guztietan, % 2,6ko igoera izan duen Energiaren kasuan izan ezik. Izan ere, bitarteko ondasunek % 1,0eko jaitsiera izan dute, ekipamendu-ondasunek % 0,3koa, eta kontsumo-ondasunek, oro har, % 0,6koa (kontsumo iraunkorreko ondasunek % 3,1eko jaitsiera izan dute, eta kontsumo ez-iraunkorreko ondasunek ez dute aldakuntzarik izan).

Euskal industrian indarrik handiena duten sektoreen artean, 2019ko urrian igoerarik handienak izan dituztenak (urtetik urterako aldakuntzak kontuan hartuta) honako hauek dira: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (% 23,9), Zura, papera eta arte grafikoak (% 2,8), Material eta ekipamendu elektrikoa (% 2,1) eta Garraio-materiala (% 1,7).

Jaitsierak, berriz, honako sektore hauetan gertatu dira: Metalurgia eta produktu metalikoak (urtetik urterako % 2,6ko jaitsiera) eta Makineria eta ekipamendua (% 2,1eko jaitsiera).

Lurralde historikoak kontuan hartuta, Industria Produkzioaren Indizearen urriko urtetik urterako bilakaera positiboa izan da Bizkaian, % 3,4ko igoerarekin; Araban eta Gipuzkoan, berriz, % 0,3ko eta % 1,8ko jaitsierak izan dira, hurrenez hurren.