BILBO. Bihar, hilak 25, larunbata, Eusko Label Ligako gizonezkoen Bilboko XI. Bandera eta emakumezkoen Bilboko II. Bandera jokatuko dira Bilboko itsasadarrean. Zazpigarren jardunaldiari dagokion lehiaketa hau arratsaldeko 17:40etan hasiko da.

Bilbo 2007an agertu zen lehen aldiz estropada-leku moduan arraunketako goreneko kategorian, eta, urteekin, finkatuz joan da udako traineruen estropaden egutegian. Harrezkero, Traineru Kluben Elkarteko taldeek (TKE) gorriz seinalatuta izaten dute data hori udaro-udaro, egin ahalak egitearren "zapi" ospetsu hori irabazteko.

Bilboko Bandera, aurten, estropada bakarra izango da erlojuaren kontra jokatuko dena. Euskotren Ligan, traineruak Bilboko Udaletxe aurretik abiatuko dira, banan-banan, elkarren artean minutu bateko tartea utzita, eta itsas milia eta erdi egingo dute arraunean (2.778 metro), bi luze eta ziaboga bat eginez, ondoren helmugara iristeko, alegia, abiaburura bertara.

Eusko Label Ligako jardunaldi honetan, berriz, bandera ospetsu honen hamaikagarren aldia jokatuko da; hiru txandatan abiatuko dira traineruak, CaixaBank koroa irabazteko lehian duten sailkapen orokorraren araberako hurrenkeran. Txanda bakoitzean, lau ontziak banan-banan abiatuko dira, elkarren artean minutu bateko aldea utzita. Hala, lehenengo txandan, Kaiku Vusa, Zarautz Babyauto, Ondarroa Cikautxo eta CR Ares lehiatuko dira. Bigarren txandan, Lekittara Elecnor, Cabo, Zierbena, Bahías de Bizkaia eta GO fit Hondarribia jokatuko dira. Azken eta ohorezko txandan, berriz, Bermeo Urdaibai Avia, Donostiarra Amenabar, Orio Arraunketa Elkartea, Santurtzi Transportes eta Grúas Aguado lehiatuko dira, une honetan berak baitauka Eusko Labelen maillot gorria, sailkapen orokorreko liderrarena. Gizonezkoen traineruak hiru itsas miliako tartean ibiliko dira (5.556 metro), eta, hala, lau luze egingo dituzte, hiru ziabogarekin.