Lanak luze joan dira. Etxean obrak egiten dituzunean bezala. Badakizu noiz hasiko diren, baina ez noiz bukatuko diren. Hala ere, Barakaldoko Atletismo taldea pazientzia handikoa da, eta edonola ere, itxarotea beste aukerarik ez dute izan. Duela pare bat hilabete, kluba San Vicente Kirol Hiriko pista berrira sartu da. Historia luzeko entrenamendu-lekua da, eta klubeko atleta gazteen indarrari esker, historia horrek aurrera jarraituko du.

Hiru urteotako geldialdiak kaltea eragin dio Barakaldoko taldeari, batez ere eskola mailako inskripzioei dagokienez. Hala adierazi digu Belit Solarrek, eskolako arduradunak. "Hiru urteotan jaitsi egin da izen-emateen kopurua; pasa den urtean, esaterako, eskola mailako 22 haur soilik hasi ziren. Entrenatzeko, Zorrotza eta Fadurako kiroldegietara joan izan gara. Segurtasun arrazoiengatik, ez genituen haurrak bide-gorrietan zehar korrika egitera eraman nahi izan. Aurten, gure ohiko zifretara itzuli gara, 85 eskola ume inguru. Gure onera itzuli gara eta eskolaren aldeko apustua egingo dugu".

Obren barruan honako lanak burutu dira: tribuna nagusiaren birgaikuntza, tartan berria egitea eta salto eta jaurtiketetarako egokitutako eremu berriak. Azken horiek pisu gutxikoak izan behar dira; izan ere, futbol-zelaiko belarra artifiziala da, eta horren ondorioz jaurtiketek errebotatu egiten dute. Hala ere, klubaren desabantaila zera da: Kirol Hiria futbol taldeekin partekatu behar dutenez, ezin dituzte pistak asteburuetan erabili denboraldia bukatu arte, partidak larunbat eta igandeetan izaten baitira.

Oraingoz, Barakaldokoek ez daukate probarik egiteko asmorik. Une honetan trantsizio prozesu batean daude eta eskola sendotzeko helburua dute. Gainera, duela gutxi Barakaldoko 10 kilometroko lasterketa izan zen, eta antolakuntza lanetan murgilduta egon dira. 700 lasterkari inguruk parte hartu zuten. BEC inguruan izan zen lasterketa, eta klubeko partaideek ahalegin handia egin behar izan zuten. Hala ere, pena merezi izan zuela diote. Etorkizunean, Barakaldoko talde honi bere nortasunaren parte izan diren proba batzuk berriz ere burutzea gustatuko litzaioke; hala nola, pistako nazioarteko trofeoa edota Gorostizako krosa. "Gogoan dut txikitan pistan eserita egotea Paula Radcliffe korrikalaria ikusteko, Kirol Hirian egiten zen lasterketan. Klub honek erreferente garrantzitsuak izan ditu, hala nola Estitxu Urrutia eta klubeko kamisetarekin nabarmendu diren beste korrikalari batzuk. Oso garai onak izan ziren, 10.000 eta 5.000 metroko lasterketa garrantzitsuekin. Zaila izango da sasoi hartara itzultzea, baina nahi duguna da neska-mutilek erreferenteak izatea, guk izan genituen moduan", esan du Belitek.

1979an sortu zenetik, klubak harrobiaren aldeko apustua egin du. 6 eta 14 urte bitarteko atleta hauek klubaren izenean ari dira beren lehen urratsak ematen. Tartan berriarekin familiarizatzen ari dira, eta bitxia da nola egin duten bat kirol honekin. Hasiera batean, korrika egiteko asmoz etorri ziren, baina ohartu dira atletismoa korrika egitea baino zerbait gehiago dela, eta jaurtiketa eta jauzien mundua ezagutzen ari dira. Gainera, entrenamenduetan euskaraz egiteko hautua egin dute, eskolaz kanpo ere erabiltzeko. Lau monitore eta atleta ari dira promesa gazteei laguntzen: Joseba Valle, Asier Lázaro, Inés González eta Belit Solar bera. "Teknikarien inplikazio eta ilusio eta gurasoen konfiantzarik gabe, ezingo genuke proiektua aurrera eraman. Kirolean euskararen erabilera sustatu nahi izan dugu, eta jendeak eskertu egin du. Euskarazko taldea da jendetsuenetakoa, momentuz. Asteazkenetan elkartzen da, 17.00etan. Eskolaz eta talde federatuez gain, klubak Barakaldo Runners izeneko atal berri bat dauka. Lehiatzeko asmorik ez duten gazte eta helduak elkartzen dira, hain modakoa den running kirola praktikatzeko. Astelehenetik ostegunera geratzen dira, eta jende asko parte hartzen ari da.

Bestalde, Ezkerraldeko klubak beste kirol eta kultur ekitaldi batzuetan parte hartzen du. Horrela izanik, Barakaldoko Udaleko berdintasun sailarekin elkarlanean ari da, berdintasunaren aldeko martxoaren 9ko martxa antolatzeko. Era berean, Juntas a andar proiektuaren partaide dira, eta auzoetako jaiak antolatzen dituzten elkarteekin aktiboki aritzen dira. Azkenik, klubeko kide batzuk Bizkaiko eta Euskadiko txapeldun gisa nabarmentzen diren arren, esan behar dugu lehentasun nagusia harrobiaren garapena dela. "Haurrak atletismo txikiko probetara eraman ahal izatea edota kros denboraldia hasteko ilusioz egotea dira gure xede nagusiak. Haurrek parte hartzea nahi dugu, nahiz eta emaitza bikainik ez lortu. Orain garrantzitsuena gure lekua berreskuratzea da, eta apurka-apurka lortzen ari gara", esan du Belitek.

Kluba etxera itzuli da. Atletak gogor datoz, eta beren pista maitean onena emateko prest daude.