Uda gertu da, beraz, laster hondartza izango da kirola praktikatzeko lekurik atseginenetako bat, izan boleibola, futbola, edo eskubaloia. Hala ere, argi geratu da hareatzarik gabeko herrietan ere hondartza bat inprobisatu daitekeela. Eremu zabal eta bat harea kiloka. Hor daukagu Atlético Basauri klubaren adibidea. Bizkotxalde parkean hareatza handi bat jarri dute, hiru zelairekin, beren txapelketa solidarioa ospatzeko.

Duela bost urte hasi ziren hondartzako eskubaloi modalitatea antolatzen, eta ordutik urtero errepikatzen dute. Aurten, txapelketa osoaren hamabigarren edizioa izan da eta jasotako diru guztia Maialen Aulestia neskatilari emango zaio dohaintzan. Bilboko haur horrek Donohue sindromea dauka; oraingoz Europako kasu bakarra da, munduan diagnostikatutako hiruetako bat eta historia osoan erregistratutako 50 kasuetako bat. Estatu Batuetara joan beharra dauka tratamendu medikoa eta eguneroko zainketak jasotzera, eta jasotako diru hau horretara bideratuko da.

Izan ere, fisioterapia eta estimulazio orduak, dieta berezia, eta zainketa ugari beharko ditu. Aurreko edizioetan, dirua elkarteetara bideratu da, hala nola Acambi, Aspanovas edo La Cuadri del Hospi.

Izaera solidarioa izateaz gain, Aldundiak eta Bizkaiko Eskubaloi Federazioak antolatzen dituzten eskola jardunaldien barruan sartzen da torneo hau. Ekitaldia baliatuz, ikasleek ostiral arratsaldez eta larunbat goizez jokatu zituzten partidak. Bizkotxalde parkean hainbat klub aritu ziren, hala nola Atlético Basauri eta Beltzagorri anfitrioiak (duela gutxi belarreko eskubaloi txapelketa antolatu zutenak), Muskiz, Kukullaga edota Gallego Gorria.

Hondartzako eskubaloia ez da kantxakoaren modukoa, baina belarrean praktikatzen denaren nahiko antzekoa da. Hala konprobatu ahal izan genuen Erromoko taldeak antolatutako Iker Malkorra torneoan. Eskubaloi partida bat ikusten dugun bakoitzean, jokalarien arteko kontaktua oso ohikoa da; diziplina honetan, ordea, ez dago kontakturik. Gainera, jokoa ikusgarriagoa izaten da, jokaldiek eta joko-modu ezberdinek eraginda. Gol mota bi daude; arruntak eta bikoitzak. Gol arruntak ohi bezala egiten dira, edozein jokalarik egin ditzake, atezainak izan ezik. Gol bikoitzak, ordea, hiru motakoak izan daitezke: Lehena atezainak jaurtitakoa da; bigarrena, fly gola (jokalariak baloia pasatzen du, kideak airean dagoela harrapatu eta gola egiten du); eta azkenik, 360 graduko biraren ondoren egindako gola. Partidak 10 minutuko bi denboratan jokatu ziren. Oso deigarria izan zen jokalarien jarrera; euren ateetatik urrundu egiten ziren, beste jokalariekin batera aritu eta gol bikoitzak egiteko. Erri-tmoa oso bizia izan zen eta ausartenak fly delakoekin ausartu ziren. Gola egiten zuten bakoitzean, harean nahastuta amaitu zuten.

Diziplina hau duela urte gutxi ba-tzuk sartu zen eskola kirolaren programan. Ekainean hasi ohi da. Basauriko jardunaldiaren ostean, beste bi egingo dira, Sestaon eta Getxon. Denboraldia luzatzeko modu bat da; izan ere, kantxako partidak maiatzean bukatzen dira eta, hori dela eta, bai klubek, bai federazioak hondartzako eskubaloia zein belarrekoa sustatzea erabaki dute. Haurrek terreno mota aldatzeko aukera daukate, eta hori beti da ilusioa pizteko motibo bat.

Bestalde, Basauriko txapelketa solidarioan ez ziren soilik eskola taldeak aritu; federatuek ere parte hartu zuten, eta hondartzako eskubaloi zirkuiturako puntuak ere lor zitzaketen. Zifrei dagokienez, Bizkotxaldeko parkean jende pila bildu zen, ekitaldiak iraun zuen hiru egunetan. Guztira 73 taldek hartu zuten parte txapelketan. Horietatik 48 eskola kategorietakoak izan ziren. Federatuetan, bereziki aipatu behar da neska taldeen izen-ematea. Hamaika izan ziren, inoizko kopururik altuena. Mutilen kategorian hamalau talde izan ziren. 113 partida jokatu ziren guztira.

Horrela, Basauriko torneo solidarioa arrakasta handiz burutu zen, hasieran jarritako helbururako dirua lortuz. Maialen Aulestiaren aitak eskerrak eman zituen, bere alabaren kasua ikusarazteko emandako laguntzagatik.