Urtero izaten da oso arrakastatsua. Herri kirolen eskolako liga ospea hartuz doa. Urtez urte biltzen den haur kopurua ikustea besterik ez dago. Getxoko Andra Mari pilotalekuan izan da aurten, eta benjamin eta kimu kategorietako 500 haur inguru batu ziren. Azken jardunaldi hau berezia izaten da; izan ere, Bizkaiko Eskola Jokoen barruan egoteaz gain, ligan zonaldeka banatuta egondako ikastetxeak batu egiten dira. Egun honen xede nagusia gai giroko egun bat pasatzea da, ikasturtean zehar parte hartu duten Bizkaiko ikastetxe guztiak omenduz.

Hasieran, ikastetxe guzti-guztiak elkartzen ziren, baina parte-hartzea hainbeste handitu denez, Herri Kirolen Bizkaiko Federazioak erabaki zuen parte-hartzaileen talde kopurua murriztea, ez zoratzeko. Horrela izanik, aurten zonalde bakoitzean ondoen sailkatutakoak bertaratu dira, eta ezagutzen ez zituzten beste haur batzuekin batera jokatu dute. Izan ere, jendea ezagutzea eta lagun berriak egitea da helburu nagusietako bat.

Parte-hartzaileek hainbat proba burutu behar izan zituzten, hala nola txingak, ingude, lokotxak, zakuak eta sokatira, ikusleen animoak jasotzen zituzten bitartean. Jende piloa bertaratu zen, gainera, eta hala izan da Bilbo inguruan antolatutako beste jardunaldi guztietan, talde asko biltzen baitira.

Denboraldi honetan egin daitekeen balantzea ezin hobea da. Parte-har-tzea goraka doa, baina garrantzitsuena da jarraipena ematen ari garela jarduera honi. Izan ere, orain arte oso ohikoa izan da haurrek jarduera hau bertan behera uztea, kimu kategoria gaindituta. Federazioak benjamin eta kimu kategorietan egindako lanak fruituak eman ditu goragoko kategorietan, hala nola haur, kadete eta gazteetan. Azken urteotan, kategoria horietako parte-hartzea handitu egin da. Gehienek lehen hezkuntzako hirugarren mailatik daramate honetan, eta institutura pasatzean, jarrai-tzea erabaki dute; pausu garrantzi-tsua da, izan ere, adin horretan nabarmen jaisten da praktika. Pozarren gaude”. Beste pertsona bat hartu behar izan dugu, ligarekin lagun-tzeko. Espero dezagun bide beretik jarraitzea”, esan zigun Mikel Inunziagak, eskola kiroleko arduradunak.

Lan horren fruitua haur eta kadete mailako ligen sorrera izan da. Hiru jardunaldi izan dira dagoeneko. “Lehen Hezkuntzako zentroetan sustatzen ditugu herri kirolak eta konturatu ginen institutura pasatzen ziren umeek jarduera hau utzi egiten zutela, automatikoki. Hori ikusita, erabaki genuen institutuetako jarduera sustatzeko proiektu bat martxan jartzea. Ez da lan erraza. Herri kirolen funtzionamendua azaltzen dugu eta erakustaldiak egiten ditugu, jendea izena ematera animatzeko. Proiektuak oso harrera ona izan du. Haur zein kadete mailan taldeak osatzea lortu dugu. Horrela, benjamin eta kimu kategorietan lortutako emaitza onei jarraipena emateko modua izan dugu”, azaldu zigun Josebak, Herri Kirolen Bizkaiko Federazioko teknikariak.

Herri kirolen sustapenerako lagun-tza moduan, kirolari federatuak erakundeko kideekin batera joaten dira, jardueraren nondik norakoak azaltzera. “Kasu bakoitzean bisitatzen dugun inguruko kirolariren batekin joaten gara. Esaterako, Getxon badago oso ondo funtziona-tzen duen klub bat, beraz, bertako kideren bat etor zitekeen galdetu genuen”, esan digu Josebak.

Herri kirolak osasuntsu daude. Jardunaldietan parte-hartzaileek egiten duten ahalegina da horren adierazgarri nagusia. Jarduera hau ez da soilik txikienen kontu bat. Nagusi batzuek ere aurrera jarraitzeko gogoa dute, eta oraindik asko ez diren arren, denbora kontua baino ez da kopuru hori handitzen joatea.

Eta horrela amaitu dira, aurten ere, Bizkaiko Eskola Jokoak. Getxo izan zen egoitza nagusia, bertan garatu baitziren jarduera gehienak. Asteburu honetan Santurtzik hartuko du lekukoa, haur kategoriakoei zuzendutako Euskadiko Eskola Jokoen barruan. Bi asteburu izango dira eta hainbat udalerrik lan egingo dute, hala nola Muskiz, Portugalete eta Sestaok, beren instalazioak eskainiz.